Grimm anaien ipuinetik badu, baina istorioari gaurko begitatik begiratuta. "Hanselen eta Gretelen aitak janari osasuntsua egiten duten jatetxea dauka, eta, egun batean, bere errezeta-liburua desagertu egingo da, eta, antza denez, munduko errezeta liburu guztiak ere desagertuko dira; hortaz, jendea behartua dago janari lasterra jatera. Aita jatetxe barik geratuko da, eta semea eta alaba hari laguntzen saiatuko dira. Jaten dugunaren gainean arreta jartzeko mezuak dira", kontatu du Kepa Errastik.
Hiru aktorek, hamaika paper
Anartz Zuazuak zuzendu du lana eta hiru aktore dira taularen gainean: Kepa Errasti aretxabaletarra, Asier Oruesagasti eta Libe Aranburu.
Bakoitzak launa pertsonaia antzezten ditu; Errasti, esaterako, Hanselen eta Gretelen aita, lagun bat, sorgina eta polizia da. Taularen gainean hiru lagun eta dekoratu gutxirekin izatea erronka dela dio Aretxabaletakoak: "Espazio huts bat da, ez daukagu inolako eszenografiarik; hiru sukaldari pertsonaia desberdinak gorpuzten, aldaketa fisikoaz bakarrik baliatuta. Gauza horiek teknikoki nahiko kon-plexuak dira, konkretutasun handia eta lan handia eskatzen dutelako. Soinuek ere indar handia daukate. Proiektura batzeko asko erakarri ninduen taularen gainean hiru aktore bakarrik egoteak".