Gipuzkoako Urak enpresak ur sarea berritzeko lanak abiatuko ditu astelehenean erdigunean, eta hainbat aparkaleku ezingo dira erabili. Zirkulazioan ere izango dute eragina obra horiek.
Bi obra elkartuko dira
Aita Mortara kaletik hasi eta Unibertsitate etorbideraino egingo dituzte lanak, Aita Madina kalean barrena Zazpibedeta bidegurutzeraino heldu arte. Uraren hornikuntza sarea konpondu behar dute, eta Aita Madina kaleko zatia batean euri uren sarea egin ere bai. Gipuzkoako Urak enpresako ordezkariak azaldu duen moduan, lanak zortzi bat aste iraungo dute, gutxi gorabehera, eta tartean litekeena da inguru horretako bizilagunak ur barik egotea ordu batzuetan. Horren berri, baina, atarietan jarritako oharren bidez emango dute, gertatzen bada. Portu eta Lope de Agirre kaleetan lan bera egingo dute hauek bukatutakoan. Eta Zubillagan ere egingo dituzte, hangoen data zehatzik oraindik ez duten arren.
Datorren astean hasiko dituzten obren ondorioz, Aita Mortara eta Aita Madina kaleetako aparkalekuak ez dira erabilgarri egongo astelehenetik aurrera. Obrak Zazpibidetara heltzen direnean, semaforo bidez arautuko dute zirkulazioa. Hor, gainera, gune horretan jarriko dituzten pibote edo zutoinen obrekin egingo dute bat Gipuzkoako Urak enpresak astelehenean hasiko dituen lanek. Datozen egunetan dute bilera, lan biak nola uztartu eta tarte horretan zirkulazioa nola bideratu erabakitzeko. Zazpibidetan jarriko dituzten piboteak hidraulikoak izango dira, eta orain dauden semaforoak ordezkatuko dituzte.