Oñatiko igerilekuak zabalik bihartik aurrera

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko ots. 4a, 13:31

Bederatzi kale ditu igerileku handiak.

Bihar, otsailak 5, zabalduko dituzte Zubikoako igerileku berriak. Entrenamenduetarako eta abonatuek erabiliko dituzte bakarrik hasieran, eta erreserbak eginda. Ordubeteko txandak daude eta kaleak aurrez hartu behar dira: telefonoz zein Internet bidez egin daitezke erreserbak.

Hamahiru hilabetez itxita egon eta gero, bihar, otsailak 5, egubakoitza, zabaldu dituzte Oñatiko igerileku berriak eta  erabilgarri egongo dira. Igeri egitera joateko, baina, abonatu egin beharko da eta erreserba egin aurrez.

Erreserbak online egin daitezke

Egoerak horrela eskatuta, erreserba bidez erabili ahal izango dira igerilekuak gaurtik aurrera. Abonatuek soilik izango dute aukera kaleak aurrez hartzeko, eta telefonoz, kiroldegira deituta, edo Internet bidez egin ahal izango dira erreserbak. Ordubeteko txandak dira, instalazioaren itxiera-orduak izan ezik; horiek 45 minutukoak dira.Hiru eguneko epearekin egin ahal izango da erreserba, baina ezingo da bi egun jarraian igerilekua erabili. Plaza librerik badago, egunean hartu ahal izango dira.

Dutxan eta kalean, banaka

Igerileku handiko kaleetan banan sartuko dira, kale bakoitzean igerilari bat; familia-erreserbak igerileku txikian bakarrik hartuko dituzte. Egindako erreserba erabili behar ez bada, ahalik eta azkarren baliogabetu behar da; behin baino gehiagotan baliogabetu gabe gelditzen bada, ezingo da bi astean erreserba gehiago egin.

Dutxei dagokienez, zabalik egongo dira, baina, egungo egoera aintzat hartuta, banaka erabili beharko dira. Dutxak eta eserlekuak, erabilgai daudela adierazten dutenak soilik erabili ahal izango dira. Osasun agintariek hartzen dituzten neurrien arabera egokituko dira erabilera baldintzak. Etengabe aireztatuko dira instalazioak, eta erabiltzaileak maskara erabili beharko du eremu guztietan, igerileku barruan eta dutxan izan ezik.

2019ko tarifak

Saunak geroago zabalduko dituzte. Oraingoz, igerilekuak egongo dira erabilgarri, eta abonatuendako eta igeriketa elkarteko kideendako bakarrik. Aste barruan 07:30-21:00 izango da ordutegia, zapatuetan 09:00-13:30 eta 15:00-19:30 eta domeketan 09:00-13:00.

Bazkide zirenei bidali dizkiete dagoeneko abonatu txartelak; sarreran erakutsi beharko dute, igerilekuetara sartzeko. Bazkide egin gura duenak Zubikoa kiroldegira joan beharko du, zein abonamendu mota atera gura duen esan eta esku orriak bete. Banakako zein familiako abonamenduak atera daitezke eta prezioa 2019ko bera izango da. Tarifak, erreserbak eta bestelako informazioa helbide honetan dator: https://zubikoakiroldegia.oñati.eus.

Denbora lerroa: 2016-2021

Erlazionatuak

Zubikoako igerileku berrien argazkiak

Oihana Elorza Gorostiza 2021 ots 04 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak