Badator otsaila, eta hilabete horretan ikastaro berriak eskainiko ditu Jabetze Eskolak: autodefentsa ikastaroa otsailaren 6an hasiko da; noka ikastaroa hilaren 16an; eta 19an mendi orientaziokoa. Euskal kultura begirada feministatik izeneko ikastaroa ere egingo dute eta baita antsietatearen eta estresaren ingurukoa ere.
"Autodefentsaren eta mendi orientazioaren gaineko eskolek arrakasta handia izaten dute, oso harrera ona izaten dute biek, eta errepikatu egiten ditugu urtero. Nokarena aurtengo eskaintzan sartu dugu lehendabiziko aldiz, eta gustukoa izan da: lehen ikastaroan kanpoan gelditu zen jendea, eta beste bat egingo dugu hilabete honetan hasita. Badaude plaza libreak oraindik, hala ere", dio Berdintasun teknikariak, Jone Arriolabengoak.
Plaza kopuruak murriztu behar
Azaroan hasi eta ekainera bitartean, hamahiru ikastaro eta bost hitzaldi sorta antolatu dituzte emakumeendako, Jabetze Eskolaren baitan. "Urte arraroa izan da, denbora osoan egokitzen ibili behar izan dugu. Izen-ema-teak indartsu etorri ziren ikasturte hasieran, eta, apurka-apurka, gehitzen joan dira. Gaur-gaurkoz, 160 izen-emate inguru jaso ditugu. 2021a maldan gora hasi dela dirudi; hasteko ziren bi ikastaro bertan behera utzi behar izan dira talderik eratu ez dalako, baina espero dugu otsailean hasiko diren hauekin aurrera egitea. Aurten, ikastaro bakoitzeko plaza kopurua dezente murriztu behar izan dugu, eta, hori dela eta, ikastaro batzuetan jendea kanpoan gelditu da; aurreikusi dezakegu orientazio ikastaroan ere horrela izango dela. Balorazioa, baina, positiboa da; egon da jendea lehenengo aldiz etorri dena, ikastaroek, orokorrean, babes ona izan dute eta giro polita sortu da". Aurten sortzekoa zen espazio egonkorrak, baina, ez du aurrera egin, talderik eratu ez delako.
Izen-ematea zabalik dago
Ikastaroetan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, Udaleko Berdintasun Sailera idatzi behar da: berdintasuna@onati.eus. Hitzaldiei dagokienez, joan den astean egin zuten azkena: Wikiemakumeak izan da gaia. Nerea Barjola, Irantzu Varela eta Irati Garcia hizlariak etorriko dira hurrengoetan.