Sospechosos, Golpe de Estado, Banda Munizipala, Papalagi, Antihumano eta CC627 taldeetan ibili izan diren musikariak 2019an batu, eta hala sortu zuten Oñatiko Larru Beltzak taldea. Hauek dira: Naiara Urzelai (ahotsa), Ander Korkostegi (gitarra-jolea), Imanol Ugarte (baxu-jolea), Iñaki Zubia (bateria-jolea) eta Lauren Ugarte (gitarra-jolea); baina taldeko kidetzat dute Jonan Osinaga, sare sozialetan eta bestelako lanetan laguntzen diena.
"Nahi baino luzeago"
Atzetik zuten esperientziaren erakusle, segituan osatu zuten kantu zerrenda, eta hala joan ziren, urte bereko azaroan, Azkaraten dagoen Fran Perez teknikariaren Itxura estudiora, Nork epaituko du epailea? bildumaren lehen zatiak grabatzera. "Bateria doinuak bakarrik grabatu genituen han, eta martxo hasieran lokalean instrumentazio osoa. Gero, pandemiak ahalbidetu digun neurrian, nire estudioan ahotsak, koruak eta bestelako konponketak egin ditugu; eta bukatzeko, Estanis Elortzaren (Doctor Master) estudioan masterizatu dugu", dio bateria-joleak eta soinu teknikariak, eta zera gaineratu du abeslariak: "Gura baino luzeagoa izan da prozesua; gauden egoeran zaila da kontzertuak lotzea, eta, horregatik, diskoa borobiltzeko denbora hartu dugu. Gustura gaude emaitzarekin eta deseatzen gaude jendaurrean aurkezteko, baina horretarako ezinbestekoa dugu entsegu lokalera joateko aukera izatea, eta orain oso zaila da".
Zortzi kantuko bilduma
Ander Korkostegik sortzen ditu kantu gehienak –Imanol Ugartek egindako bat ere bada diskoan–, eta lokalean borobiltzen dituzte elkarrekin gero. "Egunerokotasunean ditugun arazoak azalarazteko hitzak dira batzuk eta sentimendu pertsonalak adierazten dituztenak beste batzuk".
Arrasateko Never Surrender taldeko kide Andoni Iñurritegik, Pottoko-k, egin du diskoaren azala eta liburuxka. "Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta etxekoak modukoak gara. Berak diseinatu izan ditu Never Surrender taldearen lanak eta asko gustatzen zaizkigu haren diseinuak. Berarekin harremanetan jarri, eta, egia esan, ez diogu irizpiderik eman ezta ezertara mugatu ere. Diskoa eman genion eta gero berak gura izan duen moduan egin du, modu askean. Asko gustatu zaigu zelan geratu den".
Zaleak, "gogotsu"
Oñatin, Boga, Arrano, Ikatz eta Iturri tabernetan; Arrasaten, Iratin; Bergaran, Arranon; eta Eskoriatzan, berriz, Inkernun izango da salgai. "Diskoa jaso genuenean argazkia igo genuen sare sozialetara, eta harrituta eta pozik gaude jaso ditugun ehunka mezuekin".