Pilotalekua berrituta, aste bukaeretan partiduei ekiteko

Maialen Santos 2021ko urt. 22a, 14:03

Moldaketa ugari egin dizkiote Zubikoako pilotalekuari; pilota sailekoak prest dira asteburuan neurketei ekiteko.

Zubikoa kiroldegiko pilotalekua berritu egin dute: beltzez margotu dute, metro erdi gehiagoko garaiera eman eta lurra eta paretak lisatu. Aloña Mendiko pilota saileko lehendakari Josu Osak azaldu du lehen ere arauzko neurriak zituela frontoiak, baina 9,5 metrotik 10 izatera pasa dela orain, "zentimetro horiek esangura handikoak direlako". Hori gutxi balitz, eserleku berriak jarri dituzte, eta larrialdietarako ate bat egokitu dute: "Orain, segurtasun neurriak hobetuta, harmailetarako sarrera guztiak saldu ditzakegu, lehen ez bezala", zehaztu du.

Partidu ofizialak hartzeko nahia

Osak adierazi du pilota partidu ofizialak antolatu gurako lituzketela, baina osasun krisiaren eraginez momentuz ezin izan dutela halakorik egin: "Binakako txapelketako partidu ofizialak hartu ditugu, noiz edo noiz, Oñatin, eta aurten ere ondo legoke hala izatea".

Asteburuan, neurketak

Pilota sailaren egoeraz galdetuta, lehendakariak azaldu du entrenamenduak hasteko "zain" egon direla orain artean, eta federatu mailakoek horretarako baimena lortu dutela "azkenean". Are gehiago, asteburu honetan ekingo diote partiduak jokatzeari, lau eta erdiko txapelketari, kadete, gazte eta nagusien mailetako pilotazaleek.

Josu Osak esan duenez, azken boladan, neurketarik gabe zaila izan da jokalarien "motibazioari eustea", baina orain lanean hasteko "gogotsu" daude guztiak: "Egoeraren bilakaerari eta gorriz dauden herriei begiratu beharko diegun arren, luzaroan jokatu ahal izatea espero dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak