Buffek azaldu duenez, gitarra jotzen eta abesten "lehen aldiz" izango da agertoki gainean, orain arte bateria-jolea izan baita. Alde horretatik, Oñatin eskainiko duen kontzertua "berezia" izango dela aitortu du. "Duela hiru urte hasi nintzen abestiak konposatzen, eta horiek eramango ditut oholtza gainera", adierazi du.
Zortzi kantaz osatuta dago diskoa, eta ingelesez abestuko du. Kontzertua, gainera, formatu txikira egokitutakoa izango da, eta haren alboan izango da Joseba Irazoki, gitarra elektrikoarekin. "Oñati oso herri musikala da, eta ikaragarri eskertzen diot herriari eta gaztetxeari kontzertua eskaintzeko emandako aukera", aitortu du.
Sarrerak, gaztetxean bertan
Sarrerak Antixenako gaztetxean bertan eskuratu ahal izango dira kontzertua hasi aurretik: soldatadunendako salneurria bost euro izango da, eta hiru euro soldata gabeendako.
Horretaz gain, diskoa eskuratu gura duenak ere izango du horretarako aukera.