Aloña Mendiko kirol eskolak martxan dira

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urt. 21a, 08:36

Zubikoako kantxa berdean ume batzuk jolasean.

Txirrindularitza eta saskibaloia aste honetan hasi dira eta datozen astetan dira hastekoak, esaterako, orientazioa, pilota, tenisa, gimnasia erritmikoa, atletismoa eta futbola. Eskola kirolak otsailean ekingo die saioei.

Egun dauden neurriei egokituta eta helduko diren berriei begira, baina martxan dira Aloña Mendiko kirol eskolak. Astean egin dute bilera sailetako ordezkariek eta horretarako gogoa eta asmoa erakutsi dute denek.

Zubikoan eta Larrañan

Txirrindulariak izan dira hasten lehenak. "Astelehenean atera ginen errepidera. 40 neska-mutiko daude izena emanda eta taldetan egiten ditugu entrenamenduak, mailaren araberakoak, eta horiek, era berean, seiko taldetan, gehienez. Suabe-suabe hasi gara", dio Kepa Umerezek. Saskibaloian izena eman zuten gaztetxoak atzo, eguena, izan zuten lehen kirol jarduna. "45 bat ume daude izena emanda eta horiekin bost entrenatzaile ibiliko gara, lehen saskibaloiak ibilitako bost guraso. Sekulako ilusioarekin. Zubikoan egingo ditugu saio batzuk baina han ez dago tokirik denendako eta Larrañan izango dira beste batzuk. Hobekuntzak egin ditugu horko kantxan, saski berriak ere erosi ditugu. Ea nola doan guztia. Seiko taldetan banatu ditugu umeak eta astean birritan entrenatzea da asmoa", dio Luis Carlos de Miguelek.

143 ume futbolean

Aspaldi erabili gabe duten tapiza zabaldu eta garbitu eta umeak taldeka antolatu beharra dauka Lide Osinagak baina otsailaren lehen astean gimnasia egiten hastea da asmoa. Eta tenisean aritzekoa Ainhoa Zumalderena ere: "Otsailean hasiko gara, baina ez dugu data zehaztu oraindik. 40 bat ume izango ditugu eta bi hezitzaile". Atletismokoek ere erabaki dute saioekin hastea: "Aste honetan erabakiko dugu nola antolatu eta hasi", Pello Uriarteren esanetan. Gauza bera gertatzen zaie orientazio eskolakoei ere: "Gurasoekin hitz egingo dugu lehenengo eta haiek ados baldin badaude, astelehenean ez bada otsaileko lehenengoan hasiko gara", Asier Osinagak.

Futbolean izena eman zuten gaztetxoak, berriz, astelehenean hasiko dira. "Azkoagainen izango dira entrenamendu gehienak, eta batzuk Larrañan, mailaren arabera. 143 neska mutiko daude izena emanda eta hamar entrenatzaile ibilik dira eurekin saioak egiten", azaldu du Auritz Larreak. Pilotakoak ere hasteko gogoz daude eta hurrengo astean ekitea da asmoa, baina gero etor daitezkeen neurriekin kezka agertu dute: "Etxeratze ordua 20:00ak arte aurreratzen badute, horrek esan gura du 19:00etan itxiko dituztela kirol eremuak eta beraz talde guztiek ezingo dute entrenatu, orduak faltako dira. Hori gertatuz bero birplanteatu egin beharko dugu dena, baina datorren astean hastekoak gara, bai; 27 neska-mutiko eta lau entrenatzaile", adierazi du Iker Egañak.

Eskola kirola, otsailean

Bilera bat baino gehiago egin dituzte eskola kirol batzordeko ordezkariek eta otsailean hasteko asmoa dute, baina oraindik lotzeko dituzte xehetasun batzuk. Ia 400 ume daude eskola kirolean izena emanda eta ikastetxeetan izango dira saioak, Zubikoan egingo direnak salbu. Taldeak sei lagunekoak izango dira eta egonkorrak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak