Andoni Correas: "Erlojupekoa izango da aurtengo duatloia"

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urt. 20a, 14:21

Andoni Correas, proba batean parte hartzen. (Argazkia: Naike Ereñozaga)

Apirilaren 24an izango da aurtengo Oñatiko duatloia; erlojupekoa izango da, eta proba bakoitzaren distantziak ohikoen erdiak izango dira. Laster jakinaraziko dute ibilbidea.

2021eko triatloi denboraldiko behin-behineko egutegian sartuta dago Oñatiko duatloia: apirilaren 24an egingo da. Martxoan zen egitekoa iazkoa, baina pandemiak bertan behera utzi zuen lehen probetako bat izan zen.

Apirilaren 24an egingo da aurtengo duatloia. Gogotsu eta animatuta, orduan?

Bai, bai. Martxoaren amaieran egin behar genuen iazkoa, eta egun batzuk lehenago itxialdia etorri zen eta bertan behera gelditu zen proba. Egoera aztertuta, ezer garbirik ez zegoela ikusita, ez atzeratzea erabaki genuen, 2021erako uztea. Eta aurtengo asmoa ere egitea da, egoerak uzten badigu, behintzat; gure esku dagoena egingo dugu.

Egingo da, baina ez da orain artekoa bezalakoa izango. Ze desberdintasun izango ditu?

Erlojupekoa izango da, horixe da desberdintasun nagusia. Bi arrazoirengatik erabaki dugu horrela antolatzea: egin ahal izateko aukera gehien modu horrek eskaintzen dituela uste dugulako eta, aldi berean, erronka erakargarria ere izatea gura dugulako. Beste aukera bat izan zitekeen erdibideko zerbait egitea, baina erlojupekoaren alde egin dugu.

"Duatloi egokitua egitea ere bada asmoa, eta Antxintxikakoekin batera ari gara hori antolatzen"

Zer-nolako aldaketak ekarriko ditu horrek?

Erlojupekoa izanda, parte-hartzaileak banan-banan aterako dira, batetik bestera tarte bat utzita. Horrek, baina, probaren denbora totala luzeagoa izango dela esan gura du. Errepideak ezingo ditugu horrenbeste denboran itxita izan, eta, beraz, pentsatu dugu proba bakoitzaren distantzia ohikoaren erdia izatea. Hau da: bost kilometro korrika, hogei kilometro bizikletan eta beste 2,5 kilometro korrika.

Zehaztuta duzue ibilbidea?

Korrikako lehen zatia herri barruko zirkuitu bati bi itzuli ematea izango da, eta bigarren zatian itzuli bakarra. Bizikletan egin beharreko tartea ibilbide bakarra izatea da asmoa. Badugu buruan nondik nora egin beharko duten proba hori, baina oraindik ezin dezakegu esan, baimena, oniritzia, falta zaigu eta. Aste honetan batzartuko dira federazio ezberdinetako presidenteak Gipuzkoako Errepide eta Trafiko Saileko buruekin, eta batzar horretan aztertuko dute gure proposamena. Gero, Oñatiko udaltzainei jakinaraziko diegu, eta onartzean egingo dugu publiko.

Plazan hasi eta amaituko da?

Bai. Irteera eta helmuga puntuak ezberdinak izango dira, jende multzo handirik ez sortzeko, baina plaza izango da erreferentzia tokia, bai. Bizikletak ere hantxe egongo dira. Aurten, toki handiagoa hartuko dute, gainera, batetik besterako distantzia minimoa errespetatuz.

Zenbat parte-hartzaile hartuko dituzue?

Zaila da hori oraindik esatea, baina 300 bat hartuko ditugula uste dut. Aurten, gainera, duatloi egokitua ere antolatzeko asmoa dugu, eta Antxintxika triatloi taldekoekin ari gara hori prestatzen, elkarlanean.

Umeena egingo duzue?

Aurten ez. Iruditzen zaigu nagusien probak izango dituen ezaugarriak, agian, askotxo, gogorregiak, izan daitezkeela umeendako. Eta ez du zentzurik batean aldaketak egitea, egoera zein den ikusita, eta beste proba orain artekoaren antzekoa izatea. Aurten, nagusiena bakarrik egingo dugu, zapatu arratsaldean, betiko moduan.

Oso lasterketa gutxi izan dituzue aurten, ezta?

Pandemia aurretik, lau lasterketatan egon ziren taldeko kideak, eta, irailetik hona, beste bitan. Otsailean da aurtengo lehena; ea urte hobea den.

Zer moduz doa federatu kanpaina?

Ba, uste baino hobeto, baina beste urte batzuetan baino apalagoa da kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak