Mayor, Oiartzabal eta Txapartegi datoz bihar Oñatira infoxikazioari buruz berba egitera

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urt. 12a, 09:07
Ugo Mayor, Iraia Oiartzabal eta Ekai Txapartegi

Ugo Mayor, Iraia Oiartzabal eta Ekai Txapartegi Oñatin izango dira bihar, urtarrilak 13, Oñatiko EH Bilduk gonbidatuta. 'Hamar gai / hamaika berba' izeneko hitzaldi sorta antolatu du alderdi horrek, joera nagusien ingurukoa, eta hizlari hauek izango dira lehenengoan; infoxikazioa da gaia, ezagutza era iritzi publikoaren eraikuntza informazioaren gizartean.

Oñatiko EH Bilduk hitzaldi ziklo bat antolatu du egun munduan ematen ari diren joera nagusien inguruan "patxadaz solasean egiteko, herritarrekin, eragileekin eta adituekin batera". Hamar solasaldiz osatuko da 'Hamar gai / hamaika berba' zikloa eta saio bakoitzean gai baten inguruan arituko dira. Gaian adituak diren bizpahiru lagunek hartuko dute parte eta jorratuko dituzten gaien artean daude: infoxikazioa, fluxu migratorioa, genero arrakala, larrialdi klimatikoa, megahiriak eta automatizazioa.

Urtarrilean, infoxikazioari buruz

Asmoa da hilean hitzaldi bat egitea eta lehenengoa, urtarrilekoa, bihar, hilak 13, da. Infoxikazioa da gaia eta horri buruz berba egitera datoz: Ekai Txapartegi, EHUko filosofia irakaslea -informazioaren gizartea deitzen dugun honetan ezagutzaren bueltan sortu den auziari buruz jardungo du-; Iraia Oiartzabal, Garako kazetaria -hedabideetan ematen den desinformazioaz arituko da-; eta Ugo Mayor ikerlaria -infoxikazioaren gaia COVID 19-aren krisiarekin lotuko du-.

Otsaileko solasaldia fluxu migratorioen eta euskal erronkei buruzkoa izango da eta martxokoa, hirirako eskubideaz eta pertsonengan oinarritutako hirigintzari buruzkoa.

Infoxikazioari buruzko hitzaldia bihar da, eguaztena, Santa Ana aretoan, 18:30ean. Doan da, baina aurrez hartu behar da tokia udal webgunean sartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak