Ziklo-krosaz gozatzen dihardute txirrindulariek

Maialen Santos 2021ko urt. 8a, 13:20

Aimar Madina eta Aimar Erostarbe txirrindulariak Espainiako ziklo-kros txapelketan lehiatuko dira asteburuan, Torrelavegan (Kantabria). Azken hori, gainera, Euskadiko selekzioarekin arituko da. Errepideko denboraldia otsailean hastea aurreikusten dute.

Oñatiko ziklo-kros probarik ez dute antolatu aurten, eta, hori gutxi balitz, herriko txirrindulariek Euskal Autonomia Erkidego barruan ere ez dute izan lokatz artean ibiltzeko aukerarik, osasun krisiaren eraginez ez baita probarik egin. Gauzak horrela, EAEtik kanpo dihardute ziklo-krosaz gozatzen txirrindulariek.

Joan den asteburuan, Madrilgo Villa del Pradoko sari nagusian parte hartu zuen Aimar Madinak. Ulma-Aloña Mendiko ziklistak bi proba egin zituen, eta zazpigarren eta zortzigarren sailkatu zen. Txirrindulariak adierazi du ziklo-krosean aurten egindako estreinako bi probak izan direla horiek, eta "oso gustura" geratu dela lortutako emaitzekin. Gaineratu du faltan sumatzen dituela herritik gertu egiten diren probak, baina, edozelan ere, kanpora ere gogotsu joaten dela.

Aimar Erostarbek ere jardun zuen lokatz artean asteburuan, Gipuzkoako Selekzioko kide moduan hartu zuen parte El Bonillon (Albacete) jokatutako La Lagunilla ziklo-krosean. Bigarren heldu zen helmugara eta azaldu du "merezi" izan zuela bidaiak, "ondo" aritu zelako.

Biek ala biek asteburu honetan izango dute hurrengo hitzordua; izan ere, Torrelavegan (Kantabria) jokatuko den Espainiako txapelketan lehiatuko dira. Erostarbe Euskadiko selekzioarekin arituko da eta Madina, indibidualki. Proba gogorra izango da, euren ustez, "lokatz asko egongo delako". Hala ere, ahalik eta lan onena egin eta disfrutatzeko asmoz joango dira.

Errepideko denboraldira begira

Aloña Mendiko txirrindularitza saileko kide Ruper Arkauzek azaldu du "urte gogorra" izan dela taldeko txirrindularientzat, osasun krisiak baldintzatuta. Hark dio sasoi honetan ez dutela ziklo-krosaz gura beste gozatzeko aukerarik izango.

Errepideko denboraldiari buruz galdetuta, kadeteek eta gazteek otsailean hasteko aurreikuspena dutela azaldu du, eta une honetan "dena prest" izateko lanean dabiltzala klubean. Gaineratu du gazteek urtero hasten dutela denboraldia gogotsu, baina, aurten ziklo-krosean aritzeko aukera gutxi izan dituztenez, "litekeena da are gogotsuago eta amorru puntu batekin hastea denboraldia".

Cueva eta Casais, talde berriekin

Unai Cueva, Eulen taldea

Unai Cueva oñatiarrak (2002) lau urte egin ditu Ulma-Aloña Mendi txirrindularitza taldean. Aurten, Eulen taldearekin arituko da bizikleta gainean, afizionatu mailan. Cuevak egindako lorpenen artean dago nazioarte mailako Gipuzkoako klasikoan hamargarren postua lortu izana.

Danel Casais, Ampo taldea

Danel Casais oñatiarrak (2003) hiru urte egin ditu Ulma-Aloña Mendi txirrindularitza taldean. Aurten, Ampo taldearekin arituko da bizikleta gainean, gazte mailan. Casaisek egindako lorpenen artean dago irailean Oñatin egindako Mikel Deuna txirrindularitza sarian lortutako garaipena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak