09:00ak aurretik ez dute Arantzazuko errepidea zabalduko

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urt. 5a, 22:34

Elurra kentzeko makina Goiko Benta jatetxera bidean pasata.

Oñatitik Arantzazura doan errepidea nagusia ez dute 09:00ak aurretik zabalduko bihar, urtarrilak 6. Goiko aparkalekuetan elur asko pilatu da azken egunetan eta hura garbi egon arte ez dute errepidea zabalduko. Gaur hasi dira lan hori egiten baina bihar jarraituko dute. Bihar goizean zabalduko dute errepidea, aparkalekua garbi dagoenean eta errepidean arriskurik ez dagoela ikustean.

Arantzazuko aparkalekuetan elur asko pilatu da eta ez daude erabilgarri, ezin dira ibilgailuak aparkatu han. Eta aparkalekua garbi egon arte, ez dute errepidea zabalduko. Arratsaldean hasi dira aparkalekua garbitzen eta horretan dihardute momentu honetan ere, baina ez dute lana gaur bukatuko eta bihar goizean jarraituko beharko dute horretan. Beraz, 09:00ak aurretik, eta arriskurik ikusten ez bada, ez dute errepide nagusia zabalduko.

Arantzazuko zerbitzu eta ostatuetara, Goiko Bentara eta Sindikara eta hango aparkalekura adibidez, zabaldu dute lehenengo errepidea, gune horietan kendu dute elurra lehenbizi, eta gero hasi dira aparkaleku nagusia garbitzen.

Zelai Zabal jatetxe ondoko ermitatxotik dendara bitarteko gunea da garbitzen ari direna; goiko aparkalekua, behekoak ez dituzte zabalduko bihar. Elurrez beteta daude horiek ere eta garbituko dituzte, baina ez biharko. Goiko zatian kenduko dute elurra eta han utzi beharko dira ibilgailuak; ezingo dira errepide ertzean utzi, bestelako ibilgailuen pasoa -autobusak edo elurra kentzeko makinak kasu beharra egonez gero- oztopatu egiten dutelako. Beraz, litekeena da behin goiko aparkalekua betetzen denean errepide nagusia ixtea.

Oraindik beraz, itxita egoten jarraitzen du Arantzazura doan errepide nagusiak. Bihar zabalduko dute, 09:00etatik aurrera, errepidean arriskurik ikusten ez bada.

Autobus zerbitzua egongo da bihar

Bestalde, domeka eta jai eguneko autobus zerbitzua martxan egongo da bihar: t'erditan aterako dira autobusak Oñatitik -07:30etik aurrera, orduro- eta puntutan Arantzazutik -08:00etan hasita-. Helduen bidaia bat euro bat da eta umeena 0,40 euro.

 

Fonda zabalik egongo da

Gaur joan dira Urbiara Fondako kideak eta gora igotzeko bidea ondo dagoela esan dute. Bihar Fonda zabalik izango dutela ere adierazi dute, eta pastelak egongo direla gaineratu. Gero, asteburuan zabalduko dut berriz; zapatuetan eta domeketan egongo da zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak