Elurrak herrigunean sortzen dituen arazoak konpontzeaz arduratzen da Udaltzainburua eta landa eremuetako egoeraz sail horretako udal teknikaria; udal brigadako buruarekin batera, kaleak zein baserri bideak garbitzea dute helburu. Horretarako, brigadako langileek, lorezainek eta kale garbitzaileek erabiltzen dituzten makinak erabiltzen dituzte eta sail horiek guztietako langileak elurra kentzen ibiltzen dira beharra dagoen tokietan, udaltzainburuak azaldu duen moduan. Elurra kentzeko ibilgailuak, goiko baserri inguruetan ibiltzen den traktorea eta Land-Rover bat dituzte esaterako, erdigunean erabiltzen duten ibilgailuaz gain.

Udaltzainburuak dioen bezala, egunero batzartzen dira egoera aztertzeko eta hurrengo eguneko lana aurrez antolatzeko, iragarpenek diotena kontutan hartuta. Eta momentuko egoerei erantzuten saiatzen dira gero. "Gaur esaterako, Olabarrietako baserri batetik deitu digute esaten bart botata elurrak bidea itxi diela esanez, eta hara joan dira batzuk hori konpontzera".
Arantzazuko errepidea eta aparkalekua
Arantzazurako bidea auzotarrendako eta Arantzazuko langile edo hango ostaturen batean erreserba egina dutenendako dago bakarrik erabilgarri; gainerakoendako, itxita dago. Errepidea berez garbi dago baina aparkalekuan ezin da ibilgailurik utzi eta goraino joaten direnek errepidean uzten dute autoa, "askotan auzotarrei traba eginez eta elurra kentzeko makinei lanerako tokia kenduz". Aldundiaren eskumena da errepide hori garbi mantentzea, eta Udalarena auzoa bera eta baserri bideak erabilgarri egotea. Arantzazuko aparkalekua ere Udalaren eskumenekoa da, baina ez dago elur protokoloaren lehentasunen artean. Herriguneko kaleak, espaloiak, zerbitzuetarako bideak, aldapak, landa inguruetarako sar-bideak eta baserri bideak garbitzeak du lehentasuna eta horretara bideratzen dituzte protokoloak jasotzen dituen baliabideak. "Arantzazuko aparkalekua garbitzeko beste makina batzuk ekarri beharko dira, gu ez gara hori egitera heltzen, beste lanek dutela lehentasuna eta haiek egiten ari garelako. Iruditzen zait hondeatzaile bat beharko dela elurra handik kentzeko, makinarekin batu eta gero sakanetik behera botatzeko, han pilatuz gero sekulako pareta edo mendia osatuko litzateke-eta".