Irail erdialdean hartu zuen Aitor Urzelai oñatiarrak (1975) SPRI taldeko zuzendari nagusi kargua. Ordutik hona, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren baitako Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren gidaritzan dihardu, "euskal industria eta haren egitekoen artean dagoen euskal ekonomiaren eraldaketa digitala sustatzeko helburuarekin", baita "4.0 industriaren behin betiko ezarpena bultzatzeko" ere. Digitalizazioa euskal enpresen eta herrialdearen lehiakortasunerako "funtsezko erronka" dela aitortu du SPRIk. Bailarako egoeraz galdetuta, Urzelaik azaldu du Debagoienean izaera industrialak eta kooperatibismoak duen presentziak, krisi garaietan, salbuespenekin, "hobeto" eusten diola aktibitate ekonomikoari eta enpleguari.
Dagoeneko pandemian murgildurik geundela hartu zenuen kargua; zer egoera topatu duzu euskal enpresen artean, orokorrean?
Egoera honetan, premiazkoa izan da alarma sanitarioa enpresen eta langileen egunerokotasunarekin uztartzea. Hizpide dugun sektorearen, pandemiaren aurreko egoeraren eta beste faktore batzuen arabera, enpresa bakoitzak egoera jakin batzuk bizi izan ditu eta bizi ditu. Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eginkizuna eta eginbeharra da enpresa bakoitzari lagundu ahal izatea, euskal industria sare osoari lagungarri izatea.
Pandemiak eraginda, bi plano bereizi izan dituzu enpresen erradiografia egiterakoan: alde batetik, ondorio negatiboak izan dituztenak, eta, bestetik, pandemiak bultzada bat ekarri dien horiek?
Gauza guztietan bezala, eta orain sortutako egoera oso berezia dela jakinda, ahuleziak eta indarguneak daude, baina aukerak ere irekitzen dira. Bistakoa da ondorio negatiboak hor daudela, baina agerian geratu da arlo konkretu batzuetan, hala nola biosanitarioan, digitalean, energia berriztagarrietan... aukera berriak irekitzen ari direla.
Azken kasu horretan, beharra izan da eredu aldaketa bultzatu duena ala aukera ona izan daitekeela ikusi dute enpresek?
Oro har, gure herrialdeko enpresek, euren gaitasun indus-trialen eskutik eta agente zientifiko-teknologikoen laguntzarekin, beti jakin izan dute aukera berriak identifikatzen eta aprobetxatzen, baita gaur egungo egoera zailetan ere.
Epe laburrean erresistentzia lanari eutsi beharra azpimarratu duzue, zeintzuk dira SPRItik horretarako jarritako baliabideak eta nola egin?
Epe laburrera, enpresen likidezia-arazo larria konpontzeko neurriak abiarazi ditugu. Abian dira Eusko Jaurlaritzak Elkargirekin batera eskaintzen dituen abal-ildoak, eta, gure aldetik, Bideratu COVID19 jarri dugu martxan, 20 milioi eurorekin, laguntza finantzarioa emateko zailtasunak dituzten enpresei. Gainera, laguntza jakin batzuetan, aurreratu egin ditugu ordainketak eta, bestalde, atzeratu egin ditugu alokairuak teknologia parkeetan, poligonoetan eta industrialdeetan.
Berehalakotasun handiko erronkei aurre egiteko asmoz, egoerak alde batera utzi ditu digitalizazioan jarritako erronkak?
Nire ikuspuntutik, alderantziz izan dela esango nuke. Eraldaketa digitala, aurretik gure enpresetan jada ohikoa zena, nabarmen bizkortu da pandemia egoera honetan. Adibide gisa, digitalizazioari buruzko gure programak.
Aipatzen dituzun programan horien kasuan, zer moduzko erantzun eta emaitzak izan dituzte horiek guztiek eta zein da egungo egoera?
Enpresen erantzuna oso positiboa izaten ari da. Digitalizazio arloko BDIH-Konexio, Industria Digitala edo Industria Zibersegurtasuna bezalako laguntzak jaso dituzten enpresen datuak oso onak izan dira. Enpresek momentu honetan beharrezko ikusi dute digitalizazio-prozesuak bizkortzea, eta agerian utzi dute gure laguntza-programak lagungarriak izaten ari direla.
Enpresa ertain eta txikiari begira, nola lantzen duzue bertan eraldaketa digital prozesua?
SPRIn kudeatzen ditugun programa eta dirulaguntza gehienak enpresa txiki eta ertainetara zuzenduta daude. Gure lehentasuna konektibitate eta zibersegurtasun egokia bermatzea da, eta, hortik aurrera, baliokate osoan tresna digitalen bidez enpresen eraginkortasuna eta lehiakortasuna handitzea. Mikroenpresei eta autonomoei bideratutako digitalizazio laguntza zerbitzuak ere eskaintzen hasiak gara.
Maila globalean lehiakor izateko beharra aipatu izan duzue. Baina nola mantendu lehiakor izaten merkatuak bizi duen egoeran?
Lehiakor izaten jarraitzeko, oso onak garen horretan espeziali-zatu eta besteengandik bereizi beharra dago. Energian, bio-osasunean eta fabrikazio aurreratuaren gaitasun oso handiak ditugu Euskadi mailan, eta berauen eskutik mundu mailan lehiakorrak izaten badakitela erakutsi dute gure enpresek. Gero eta gehiago, gainera, kalitatezko enpleguaren sorrera, ingurumenaren iraunkortasuna eta genero-berdintasuna zainduz.
Zeintzuk dira, "oso onak" izanda, bertan indarra jarri eta euskal enpresak bereziki lehiakor diren merkatuak?
Zorionez, sektore guztietan daude euskal enpresa lehiakorrak, denek aplikatzen dituztelako irizpide berritzaile eta teknologikoak. Halaxe aitortzen du Europak. Baina, azpimarratzearren, gure industria eta manufaktura-sektoreak –automobilgintza, makina-erreminta– edo energian edo bioosasunean espezializatutako enpresen sektoreak azpimarratuko nituzke.
Nola definituko zenuke Euskal Autonomia Erkidegoak duen eredu enpresariala eta zeintzuk dira bere indarguneak?
Euskadiren eredu enpresariala industriala da. Industria aurreratua, teknologikoa eta, gero eta gehiago, ingurugiroarekin jasangarria. Besteekiko trakzio-lana egiten duten enpresa handiak baditugu, baina gure DNA enpresa txiki eta ertainak dira, egunero-egunero gure ekonomia eta enplegua aurrera eramateko lan egiten dutenak.
Industria dezente eta kooperatibismoak indar berezia duen bailara izanda, zeintzuk dira Debagoienaren erronkak?
Argi dago leku pribilegiatu batean bizi garela, industria presentzia handiarekin eta kooperatiben indar eta ereduarekin. Erronka bezala, epe laburrean, COVID-19ak sortutako zailtasunak gainditzea tokatzen zaigu, baina, epe ertain eta luzera, arlo energetiko, digital eta soziosanitarioan sortzen ari diren erronka eta aukerak begi bistan izan behar ditugu.
Zein da egoera une honetan bailaran? EAEk bizi duen egoera berean dago edo badu ezberdintasunen bat bertako kasuak?
Ez dago esan beharrik ekonomia eta enpresen egoerak konplikatua izaten jarraitzen duela, eta aurreikusten denez, zoritxarrez, oraindik ere hala jarraituko du hurrengo hilabeteetan, gutxienez. Bailarara etorrita, nire ustez, Debagoienean, beste eskualde batzuekin konparatuta, bi indargune nagusi ditugu: gure izaera industriala eta kooperatibismoak duen presentzia. Bai batak eta besteak, krisi garaietan, eta salbuespenak salbuespen, hobeto eusten diote aktibitate ekonomikoari eta enpleguari. Honela erakusten dute azken hilabetetako langabezia tasen datuek ere.