Pandemiak kirolean izandako eraginaz mintzatuko dira gaur Goiena telebistan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abe. 18a, 09:40

Pandemiak kirolean izandako eraginaz mintzatu dira, lasai, kirolean eskarmentu handia duten hainbat oñatiar, Aratz Losada gidari dutela: Antton Inza, Asier Osinaga, Nerea Uriarte, Maite Anton, Jokin Atxaga, Rosa Mondragon, Joseba Azkarate, Josune Odriozola eta Saioa Varela. Urteroko kirol sarien ordez antolatu den ekitaldi berezia da. Saioa gaur, egubakoitza, ikus daiteke osorik, Goiena telebistan, 22:00etan.

Pandemiak kirolean utzitako arrastoa eta horrek herriko kirol komunitatera ekarritako eragina eta kirolari zein antolatzaileen erronkak zenbateraino baldintzatu dituen aztertuko dute horretarako propio antolatu duten mahai inguruan. Ekitaldi itxia izan da, baina Goiena telebistak osorik grabatu du eta gaur, hilak 18, emitituko da, 22:00etan. Bihartik aurrera, Udalak Youtuben duen kanalean ere ikusi ahal izango da.

Urte amaierako kirol hitzordua

Kirol sarien ekitaldia egin ohi izan da azken urteetan urte amaieran. Aurten ez da horrelako ekitaldirik egingo, baina kirola hizpide izango den beste bat bai: mahai inguru berezi hau. "Aurten 21. aldiz emango genituzke kirol sariak, baina ezin da horrelako festarik egin. Bestalde, kirol jarduna ere etenda egon da ia urte guztian. Bakoitzak bere aldetik egin du kirola, ahal izan denetan, baina lehiaketarik ez da egon. Hala ere, ohiturari eutsi gura genion, urteroko hitzordua mantendu, eta, kirol saririk ezean, kirolari buruzko mahai ingurua egitea pentsatu dugu. Pozik gaude. Oso aberasgarria izan da, eskarmentu handia duten hizlariek hartu dute parte, eta izan dute zer kontatua", dio mahai inguruaren moderatzaileak, Aratz Losadak.

Adibidez, kirol eragile eta antolatzaile diren heinean, Anton Inzak, Nerea Uriartek eta Asier Osinagak egingo dute berba. Egoera hau udalean nola bizitzen ari diren Maite Antonek, Jokin Atxagak eta Rosa Lasagabasterrek kontatuko dute. Beste hiru herritarrek berriz, euren bizitzako egoera zailaren aurrean kirolak zertan eta zenbat lagundu dien kontatuko dute, hala nola Joseba Azkaratek, Josune Odriozolak eta Saioa Varelak.

Dendekin eta tabernekin batera

Hitz egingo dutenez gain, beste hainbat herritarrek ere hartu dute parte mahai inguruan, herriko denden eta ostalarien laguntzarekin egin dute-eta saioa. Ikusiko diren arropak eta sorpresak gauzatzeko erabiliko dituzten produktu eta elementuak eurek utzitakoak izango dira.

Gaur, egubakoitza, 22:00etan ikusi ahal izango da saioa Goiena telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak