Bihar jarriko dituzte salgai Gabonetako ekitaldietako sarrerak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abe. 10a, 14:43

Mila Modu taldea bere diskoaren aurkezpen egunean

Udalak eta herriko beste kultura eragile batzuek antolatutako emanaldiek osatzen dute Gabonetako kultura agenda. Guztietarako sarrerak aurrez hartu behar dira eta asko bihar, egubakoitza, jarriko dituzte salgai, 11:00etan, ohiko tokietan.

Udalak eta herriko hainbat eragilek antolatutako ekintzek osatzen dute Gabonetarako prestatu duten kultura agenda. Egubakoitzean, esaterako, emanaldia egingo dute musika eskolako akordeoi ikasleek. "Mimoz prestatutako kontzertua izango da, ikasleen guraso eta lagunendako", aurreratu du Aitor Madinak. Balsa, tangoa, sarandonga eta rock-and-rolla entzungo dira, adibidez.

Oñatiko rocka liburuan

Musika kontzertuez gain, zinema eta antzerki emanaldiak ere badatoz agendan. Baina baita Oñatiko rockaren historia jasotzen duen liburuaren aurkezpena ere: Alanbre-hotsa eta jazbana. Los Culpables eta Larru Beltzak taldeen tartean egon direnak aipatzen dira bertan, hainbat kontzerturen aipamenaz gain: "Hor dago, esaterako, 1983an egin zuten punk jaialdia; RIP, Las Vulpess... taldeek parte hartu zuten, eta zeresan handia sortu zuen kontzertuak herrian zein kanpoan. Chiapasen alde 1998an egin zen kontzertua ere aipagarria izan zen...", adierazi du egileak, Iñigo Biain Berraondo musikari eta kazetariak.

Musika bandak ere urteroko Gabon kantuen emanaldiak egingo ditu hilaren 24an eta 31n, plazan, 18:30ean, eta nagusiendako eta umeendako zinema eskaintza ere egongo da urteko azken asteburuan. Agendan dator zer, noiz eta non.

Sarrerak, bihartik aurrera

Ekitaldi guztietarako sarrerak hartu beharko dira aurrez eta asko, bihar, abenduak 11, 11:00etan jarriko dituzte salgai ohiko tokietan: udal wegbunean eta Txokolateixan.

'Go!azen 7.0' eta Zetak

Bestalde, udaleko Kultura eta Gazteria Departamentuak Gabon osterako ekitaldi batzuk antolatu dituzte elkarrekin; esaterako: Go!azen 7.0 dator urtarrilaren 10ean eta Zetak urtarrilaren 21ean, musika bulegoarekin batera. Sarrerak aurrerago jarriko dituzte salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak