Oñatiko rockaren historia liburuan jasota - SARRERAK AGORTUTA

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko abe. 9a, 11:49
Abenduaren 19an aurkeztuko dute 'Alanbre-hotsa eta jazbana' liburuaren azala. Argazkia: Iñigo Bian Berraondo

Alanbre-hotsa eta jazbana izena du Iñigo Biain Berraondo kazetari eta musikariak idatzi duen liburuak, eta Oñatiko Udalak Ereiten argitaletxearekin elkarlanean argitaratuko du Jerardo Elortza bildumaren baitan. Abenduaren 19an Kultura etxean aurkeztuko dute, 12:00etan; Oñati.eus atarian eta Txokolateixan izango dira sarrerak eskuragarri  egubakoitzean, abenduaren 11an, hasita.

1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko Oñatiko musika taldeen historia jasotzen du; 120 musika proiektutik gora jaso ditu Biainek, protagonisten hitzekin eta argazkiekin osatuta. "Denetariko taldeak daude gaur egun herrian eta hala izan da, urteetan atzera egiten badugu ere. Los Culpables taldea da liburuan jasotako lehenengoa, 1965 urtekoa, eta datozen asteetan lehen lana argitaratuko duen Larru Beltzak taldearekin borobildu dut zerrenda", azaldu du egileak.

Musika talde edo proiektuez gainera, herrian egin izan diren ekitaldien gainbegiratua ere jasotzen duela liburuak gaineratu du egileak: "Hor dago, esaterako, 1983an egin zuten punk jaialdia; RIP, Las Vulpess... taldeek parte hartu zuten, eta zeresan handia sortu zuen kontzertuak herrian zein kanpoan. Chiapases-en alde 1998an egin zen kontzertua ere aipagarria izan zen...".

Aurkezpenerako sarrerak, egubakoitzean hasita

Abenduaren 19an aurkeztuko dute liburua, Kultura etxean, 12:00etan, eta bertaratu ahal izateko aldez aurretik gonbidapena eskuratu behar da; egubakoitzean, abenduaren 11an hasiko dira banatzen Oñati.eus atarian eta Txokolateixan.

Asteburuan sare sozialetan zabaldu dute liburuaren azala eta jakin-mina sortu du herritar askoren artean. "Herriko musikari denak edo ia gehienak daude modu zabalagoan edo laburragoan bada ere liburuan aipatuta, eta horrek jakin mina sortu du herrian; eta oraindik aurkeztu ez bada ere, zorion mezuak ere jaso ditut dagoeneko. Informazioa lortzeko laguntza handia izan dut belaunaldi askotako musikarien partetik eta horrek ahalbidetu du liburu mamitsua izatea", azaldu du Alanbre-hotsa eta jazbana liburuaren idazleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak