Zapatu arratsaldean eta domeka goizean egindako saio ezberdinek osatu dute Gazte Koordinadora Sozialistak asteburu honetarako Oñatin antolatuta zuen kultura eta euskara jardunaldia.
Aitor Bizkarrak hitzaldia egin zuen zapatuan gaztetxean eta bertso saioa egon zen gero lekuan bertan. Domeka goizean, berriz, mahai ingurua izan da Santa Ana antzokian. "Lehen aldia izan da horrelako jardunaldi bat egin dela Oñatin eta gustura gaude emaitzarekin, emankorra izan da. Zapatuko hitzaldiarekiko interesa agertu dute entzuleek esaterako eta galderak ere egin dizkiote amaieran hizlariari, eztabaida sortu da eta aberasgarria da hori. Goizeko mahai inguruan berriz, iritzi ezberdinak ikusi dira eta errespetuz aritu dira denak. Ikusi da gai hau ere landu daitekeela ikuspegi sozialista batetatik, bai Oñatin bai kanpoan", adierazi du mahai ingurua moderatzen ibili den Aitor Tatiegi oñatiarrak. Maider Arregi, Josu Zubia, Paul Beitia eta Mattin Korta izan dira solaskideak.
Ekitaldietara joandako jende kopuruarekin ere pozik agertu dira antolatzaileak: "Ondoko herrietatik ere etorri dira. Zapatuko bi ekintzetan bete egin da gaztetxea eta mahai inguruan Santa Anako beheko partea bete da", adierazi du Tatiegik.