Herriko 21 saltoki ari dira parte hartzen Gabonetako erakusleiho lehiaketan

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abe. 9a, 08:57

NI arropa dendako erakuslehioa

Hiru sari emango ditu epaimahaiak eta bat herritarrek; sari hori aukeratzeko bozketa prozesua telematikoki bakarrik egingo da. Sari banaketa ere ezberdina izango da aurten: sarituak izan diren komertzioetara zuzenean joango dira udal ordezkariak saria ematera; abenduaren 18an izango da hori.

Aurtengo Gabonetako erakusleiho lehiaketan herriko 21 saltokik eman dute izena eta dagoeneko apainduta dituzte euren erakusleihoak. Lehiaketan parte hartzeko oinarriek jasotzen duten moduan, erakusleihoetan, denda-zerbitzuaren ohiko produktuak jarri beharko dituzte eta gutxienez abenduaren 31ra arte mantendu apainduta.

Pandemia egoerak behartuta, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte aurtengo lehiaketan. Esaterako, herritarrek telematikoki eman beharko dute euren bozka udal webgunean sartuta; herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean 200 euroko saria zozketatuko dute. Abenduaren 17ko 14:00etan itxiko da herritarrek botoa emateko epea.

Epaimahaiak hiru sari emango ditu eta kontutan izango dituen irizpideak hauek dira: konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna. Sarien zenbatekoak dira: lehenengoa 500 euro, bigarrena 300 euro eta hirugarrena 200 euro. Herritarren saria 500 eurokoa da.

Sari banaketa, 18an

Aurten ez da ohiko sari banaketa ekitaldirik egingo, baina sariak banatuko dituzte. Sarituak izan diren komertzioetara zuzenean joango dira udal ordezkariak sariak eskura ematera. Abenduaren 18an izango da hori, 17:30etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak