Kotoizko elkartasun motxilak atera ditu Hotz Oñatik

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abe. 2a, 09:47

Atera dituen motxilen eredua.

Inor ez da ilegala mezua duten kotoizko motxilak jarri ditu salgai Hotz Oñatik herriko denda, enpresa eta ikastetxeetan. Salmentatik lortzen den dirua Lesbosera bidaliko dute, Moria2 errefuxiatuen kanpamendu berrian lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeendako.

Hotz Oñatik sentsibilizazio kanpaina berri bat jarri du martxan Gabonei begira, Lagundu kontzientzia sortzen izena duena, eta horren barruan atera ditu elkartasun motxilak. Inor ez da ilegala dioen esaldia dute motxilak, "gure printzipio eta balioen parte den leloarekin".

Esaldi hori duten kotoi organikoz egindako elkartasun motxilak atera ditu eta dagoeneko salgai jarri ditu Oñatiko dendetan, ikastetxeetan eta hainbat enpresetan. Bi koloretan atera dituzte motxilak, beltza eta zuria; 15 eurotan eros daitezke. Lortutako dirua Lesbos uhartera bidaliko duten, hango Moria2 errefuxiatuen kanpamenduan lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeentako.

Herriko ikastetxeetan eta hainbat enpresetan ez ezik, herriko ia 30 dendetan daude dagoeneko elkartasun motxila hauek. Hala ere, beste denda edo zerbitzuk ekimenarekin bat egin gurako balu, telefono hauxe jarri du eskura Hotz Oñati taldeak: 665 72 29 99.

Gutuna

Kanpainaren berri emateko kartelak eta esku orriak banatu dituzte. Esku orrian datorren testua, gainera, Grezian gaur egun dagoen neska errefuxiatu afganiar batek propio ekimen honetarako idatzitakoa da. Hauxe da:

 

HITZEK GARRANTZIA DUTE:

Ez da inoiz gizaki ilegalik jaio.

Ni, neu gizaki naizen aldetik, ezin naiz ilegala izan, pertsona, hala moduz ezin baita ilegala izan. Gerraren ondorioz,nire jatorrizko lurraldean jaio ez zen migratzaile bat naiz. Migratzaileak, ilegalak kontsideratzen diren lurralde batean bizi iraun behar izan nuen. Gaur egun ere, horrela bizi naiz, beste lurralde batean bada ere.

Zergatik ez, soilik, migrante deitu?

“Ilegal” hitza, dokumentazio gabeko pertsona migranteekin erabiltzea ez da zuzena. ILEGALA den inor ez dela existitzen jakin beharra dugu. Gizakia zoragarria izan daiteke, egiaren jabe, edo ez, baina ilegala? Nola baina, emakume edo gizon ilegala! Guztiok dugu bizitza duin eta seguru bat izateko eskubidea, han edo hemen.

Gerra, klima aldaketa, edo muturreko beste edozein egoera sufritu dugunok, geureak ditugun etxebizitzak usteko erabakia ez da arinki hartutakoa izan. Beste aukerarik ez izatean, geure bizitzak arriskatuz, bidaia gogor bat egitea besterik ez dugu.

Geure familiekin bizi ahal izateko leku seguru bat. Horixe da nahi dugun gauza bakarra.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak