Lau saxofoik sortutako doinuen kontzertua Santa Ana antzokian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 28a, 10:43
Lauburu Sax Quartet taldeko hasierako kideak. Argazkia: Lauburu Sax Quartet

Domekan borobilduko dituzte 42. Musikegunak; sarrerak, Oñati.eus atarian eta Txokolateixan, zortzi eurotan.

Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika kontserbatorioko lau ikaslek –Laurie Curutchet (saxo sopranoa), Claudia Llaurado (saxo altua), Andrea Castaño (saxofoi altua) eta Raul Perez (saxo baritonoa)– 2018an sortutako proiektua da Lauburu Sax Quartet. "Euskal sinbolo ezaguna hartu dugu ikur, hark moduan gure proiektuak ere lau buru dituelako; hau da, jatorri eta izaera ezberdineko lau musikarik osatzen dugu", azaldu du Raul Perezek, eta zera gaineratu: "Domekako emanaldian, baina, beste hiru lagunekin izango naiz; izan ere, taldekideak atzerrian dira, eta, pandemiaren eraginez, ez dute hegaldirik hartzeko aukerarik. Hala ere, kontzertuarekin aurrera egitea erabaki genuen eta beste bi ikaskide eta Gasteizko Iñigo Setuain izango ditut alboan".

Publiko guztiarentzako

Ordubete inguru iraungo duen emanaldian, askotariko estiloetako piezak eskainiko dituztela azaldu du Perezek: "Joko ditugun gehienak oso kantu ezagunak dira, samur entzutekoak. Izan ere, estilo ezberdinen arteko nahasketa egin gura izan dugu errepertorioan; hori horrela, besteak beste, La boda de Luis Alonso zarzuelaren pasarte bat, Piazzollaren Historia de un Tango izenekoa eta iragarkietan sarri entzundako piezak ere joko ditugu".

Kultura, "ezinbestekoa"

Urtarrilean egin zuen Lauburu Sax Quartet taldeak jendaurrean azken emanaldia; horregatik, nahiz eta ohiko taldekideak ez izan, "ilusio handiarekin" doaz Oñatira. "Eskertzekoa da antolatzaileen ahalegina. Kultura segurua eta beharrezkoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak