Kontzertuez eta ikuskizunaz gozatzeko aukera, datozen asteetan

Maialen Santos 2020ko aza. 27a, 11:24
Zetak taldeko abeslari Pello Reparaz. (Argazkia: Zetak)

Abendurako eta urtarrilerako kultur egitarau oparoa antolatu du gaztelekuak. Willis Drummond, Mila Modu eta Zetak taldeak izango dira Oñatin, eta baita 'Go!azen' antzezlana ere. Sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai –Willis Drummondenak agortuta daude–.

Kultura eskaintza zabala prestatu du Oñatiko gaztelekuak abendura eta urtarrilera begira. Hain zuzen ere, zuzeneko hiru kontzertu –gaztelekuan egingo dituzte– eta antzezlan bat antolatu dituzte, herritarren gozamenerako. Azken hori Santa Ana aretoan izango da.

Willis Drummond musika taldeak irekiko du egitaraua, abenduaren 12an, 19:00etan. Sarrerarik ez dago eskuragarri, salgai jarri eta ordu gutxira agortu ziren eta. Hori horrela, Ion Lopez Gazteria teknikariak azaldu du beste emanaldi bat egitea "pentsatzen" ari direla. "Apirilean zen taldea Oñatin egotekoa, baina, bertan behera geratu zenez, orain berreskuratzea erabaki dugu", zehaztu du.

Mila Modu talde oñatiarra ere igoko da gaztelekuko oholtza gainera, abenduaren 30ean, 19:00etan. Absurdoaren paradisua disko berria izango dute ardatz.

Azkenik, urtarrilaren 21ean, Zetak taldeak eskainiko du emanaldia Oñatin, estreinakoz. 19:00etan izango da hori ere.

'Go!azen' antzezlana ere bai

Go!azen telesaileko antzezleak abenduaren 10ean izango dira Santa Anan, eta bi saio egingo dituzte: 17:00etan eta 19:00etan. "Antzezlanaz gozatzeko aukera izango da, baina, osasun krisiaren eraginez, ezingo da amaieran protagonistekin argazkirik atera", argitu du Lopezek.

Mila Modu eta Zetak taldeen emanaldietarako sarrerak 6 eta 8 eurotan erosi ahal izango dira, hurrenez hurren. Go!azen-ekoek, aldiz, 5 euroko salneurria izango dute. Datozen egunetan jarriko dituzte salgai guztiak, Oñatiko Udalaren webgunean eta Txokolateixan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak