Aho batez onartu du Oñatiko udalbatzak herriko ostalariei laguntzeko ezohiko plana

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 27a, 07:04
Eguenean egindako azaroko ohiko osoko bilkura.

Herriko ostalariendako dirulaguntzak eta bestelako neurriak jasotzen dituen ezohiko plan bat adostu dute astean bi alderdietako udal ordezkariek Sozioekonomia batzordean, eta atzo egindako osoko bilkuran plana azaldu, berretsi eta aho batez onartu zuten.

Sozioekonomia batzordean alderdi biek adostutako ezohiko planaren berri aste barruan eman dute komunikabideen aurrean eta aho batez onartu zuten atzo udalbatza osatzen duten bi alderdietako zinegotziek, azaroko ohiko osoko bilkuran. Ostalaritza sektoreko jarduerari eustea dute helburu laguntza horiek: 120.000 euro laguntza zuzenerako eta beste 25.000 euro terrazak egokitzeko egin behar dituzten inbertsioetarako. Hirigintza ordenantza malgutzea ere onartu zuten, terrazetan itxiturak edo toldoak jartzeko esaterako, "beti ere salbuespeneko egoera honetan". Laguntzak, horiek jasotzeko baldintzak eta epeak ere onartu zituen udalbatzak. Orain, udalbatzak onartuta, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira laguntza hauek eta behin han agertuta, abenduaren 23a aurretik egin beharko dituzte eskaerak herriko ostalariek. Ostalaritzan gastatzeko erositako bonuak, bestalde, martxoaren 31ra arte erabili ahal izango dira.

Bi adierazpen instituzional eta mozio bat

Bestalde, azaroak 25 egunari lotutako eta Euskararen egunari lotutako adierazpen instituzional adostuak ere onartu zituen udalbatzak. Baita motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko, biktima horien erreparazio eta aitorpena tramitatzeko legeen inguruko mozioa ere. Hiru horiek ere aho batez onartu ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak