Ziklo-kros gose izanda ere, probarik ez aurten

Maialen Santos 2020ko aza. 20a, 12:25
Oñatiko IX. ziklo-kros proba, 2018an.

Oñatiko ziklo-kros probarik ez dute antolatu aurten, eta txirrindulari talderik ere ez dute aurkeztuko. Bizkaiko Federazioak lasterketa guztiak bertan behera utzi ditu, eta, beraz, lokatzetan aritzeko aukera gutxi izango dute ziklo-kros gogoz daudenek.

Abenduan egin ohi dute urtero Oñatiko ziklo-kros proba, baina aurten lasterketarik antolatuko ez dutela eman du aditzera Aloña Mendiko txirrindularitza sailak. Bertako kide Ruper Arkauzek azaldu du azken urteetan lasterketa antolatu edo ez "zalantzan" egon direla, baina "aurtengo egoera" ikusita lehen momentutik izan dutela argi erabakia. "Lan handia eskatzen du antolatzeak, eta, hori gutxi balitz, ikuslerik gabe egin beharko genuke", aitortu du.

Herriko txirrindulariak "laguntzeko" hasi ziren lasterketa antolatzen: "Garai hartan, Gipuzkoan halako proba gutxi zeuden, eta gure neska-mutikoei parte hartzeko aukera eman gura genien". Halere, gauzak "aldatu" egin dira, eta egun proba gehiago antolatzen dituzte.

Gazteak, ziklo-kros "gose"

Herrian probarik antolatu ez arren, Oñatiko ziklo-kroseko txirrindulari taldea aurkezteko asmoa bazuten Aloña Mendikoek: "Urtero egiten dugu taldearen aurkezpena, eta ondoren, luntxa. Aurten, baina, hori ere ezingo dugu egin". Aurkezpena publikorik gabe egitea ere baloratu zuen klubak, baina ideia hori ere ezerezean geratu zen.

Bizkaiko probak, bertan behera

Bizkaian egiten dira ziklo-kros proba gehienak, baina bertako Federazioak berriki iragarri du udazken eta neguko lasterketak bertan behera utzi dituela. Hori horrela, Gipuzkoan edota hortik kanpo aritzeko aukera soilik geratu zaie txirrindulariei. "Legazpiko ziklo-krosa abendura atzeratu zuten, baina, ziurrenik, ez dute egingo", adierazi du. Hori horrela, gaur-gaurkoz, proba bakarra egingo da: Ormaiztegin urtarril hasieran dira ziklo-krosa egitekoak.

Egoera ikusita, taldeko txirrindulariak "penaz" daudela azaldu du, lokatz artean aritzeko "gosez" daudelako asko.

Datorren denboraldiari buruz galdetuta, azaldu du "lanean hasita" daudela klubean. Besteak beste, eskola mailako gaztetxoekin nola antolatuko diren pentsatzen ari dira dagoeneko. "Helburua da koronabirusaren gaineko neurriak malgutu bezain azkar martxan hastea, zezenak harrapatu ez gaitzan", dio.

Unai Cueva, Eulen taldera

Ulma-Aloña Mendin aritu ostean, junior mailatik afizionatu mailara salto egingo du Cuevak, Eulen taldearekin.

Nola hartu duzu maila igoera?

Pozik eta ilusioz nago. Aldaketa nabarmena izango da: distantzia luzeagoak, jende gehiagorekin lehiatu beharra...

Zein izango duzu erronka?

Lehenengo, lasterketak nola doazen ikusi, eta, batez ere, ikastea. Behin hori eginda, lehiatzea eta taldeari ahal bezain beste laguntzea.

Zertan ari zara orain?

Atseden hartzen. Hala ere, datozen egunetan hasiko ditut entrenamenduak.

Ziklo-krosean arituko zara?

Egia esan, ez dakit. Asko bertan behera geratu dira, baina probaren bat egongo balitz ez nuke baztertuko.

Eta noiz estreinatuko zara Eulen taldearekin?

Pandemiak uzten digunean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak