EAJ-k "berehalako neurriak" proposatu dizkio alkateari ostalariei laguntzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 19a, 17:08
Kale Zaharrean dagoen taberna bat itxita.

Inbertsioak egiteko diru laguntzak, itzuli beharrik gabeko diru laguntza finkoa ondorioak arintzeko, bonuak eta ostalaritzarako lan-mahai sektoriala sortzea dira EAJ-k alkateari egindako proposamenetako batzuk. Bestalde, uste du EH Bildu "pandemiak ekarritako egoera hain lazgarri honen erabilera politiko alderdikoia" egiten ari dela "batere eskrupulurik gabe gainera".

Ostalariei laguntzeko hainbat proposamen egin dizkio EAJ-k gaur alkateari, jeltzaleek bidalitako prentsa oharrean jasotzen den moduan. Proposamenak zeintzuk diren ere zehaztu dute: Aurrekontuen lanketaren baitan jada Udal Gobernuari egindakoak batetik (ostalaritzan eta merkataritzan, COVID 19ak eskatzen dituen neurrietara egokitzeko inbertsioak laguntzeko diru-lerroa (estufak, karpak, manparak) eta sektore horretako langileendako digitalizaziorako formakuntza programa. Proposamen berriak ere egin dituztela gaineratu dute:

  • Ostalaritza eta ostalaritzari lotutako jarduerei (upategi, hornitzaile, banatzaileak…) Itzuli beharrik gabeko diru laguntza finkoa jardueren eteteak sortutako ondorio ekonomiko kaltegarriak arintzeko, enpresa-betebeharrak betetzeko, enpresa-jarduerari eta enpleguari eustea erraztuz. "Jarduerari atxikitako lokalaren errentamendu-errentei dagozkien hileko kuotak/Jarduerari atxikitako lokala erosteko emandako hipoteka/maileguari dagozkion hileko kuotak (printzipala itzultzea soilik, interesak kenduta); enpresa-jardueraren garapenarekin zuzenean lotutako hornidurak: komunikazioak (telefonia, Interneterako konexioa), ura, elektrizitatea, etab.; enpresa-jarduera garatzeko nahitaezko aseguru-kuotak (itxiera ezarritako gauzatze-aldiari egotz dakiokeen zati proportzionala, hala badagokio); autonomoen/mutualitate profesionalen kuotak, enpresaren konturako gizarte-aseguruak. Autonomoak eta langilerik gabeko mikroenpresak: 1.000 euro. Autonomoak eta mikroenpresak, gehienez 5 langile: 2.000 euro".
  • Establezimenduetako terrazetan mahaiak handitu ahal izateko irisgarritasun-arauak berrikustea, eta bere kasuan, obra-lizentziak arintzea.
  • Sei hilabetez negozioa ireki gabe egon ondoren jarduera-lizentziak ez kentzea.
  • Herriko taberna eta jatetxeetan kontsumoa bultzatzeko bonuak.
  • Ostalaritzarako lan-mahai sektoriala sortzea.
  • EH Bilduk Igotako zerga (Ondasun higiezinen gaineko zerga (IBI), Jarduera Ekonomikoen Gaineko zerga eta ibilgailuen gaineko zerga) eta tasak jaitsi eta izoztea.

EAJren iritzia

Bestalde, EAJko udal taldearen ustez, Udal Gobernuak gezurra esaten du Jaurlaritzak edo Aldundiak ezer egiten ez dutela esatean. Diote "pandemiak ekarritako egoera hain lazgarri honen erabilera politiko alderdikoia" egiten ari dela EH Bildu, "batere eskrupulurik gabe, gainera". Jeltzaleek bidalitako prentsa oharrean salatu dute "EH Bilduk lehen agerraldian itxiera osoaren alde" egiten zuela "eta orain, bigarren agerraldian, neurri murriztaileak hartu direnean", ez dituztela babesten. "Hipokrisia eta erabilera politikoa baztertu eta elkarlanerako momen-tua da, ez da batere koherentea egun batean gauza bat eskatzea eta hurrengoan kontrakoa, interes alderdikoiak gizartearen beharren gainetik jarrita", gaineratu dute. "Elkartasuna, babesa eta konpromisoa" adierazi diete jeltzaleek "bereziki sufritzen ari direnei". Eta gaineratu: "Udal Gobernuarekin elkarlanean aritu gara oposiziotik, ulertuta, egoera honetan guztiok egin behar dugula ahalegina eta elkarlana sustatzea ezinbestekoa dela, izan ere, oposiziotik eraikitzea ere posible dela uste dugu eta ez dugu uste kritika hutsean gelditzeko momentua denik, ez da hori herriak behar duen oposizioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak