'Mateoren Ama' filmak Goya sarietarako lehen muga igaro du

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 17a, 15:49

Sarien 35. ediziorako lehen hautaketa gainditu du Aitor Arregi oñatiarrak eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmak. Bertan, alzheimerrari buruzko istorioa kontatzen dute, eta dagoeneko hainbat sari jaso ditu; esaterako, Euskal film labur onenaren Sari Nagusia eta Madrilgo Zinemaldiko Alma Saria.

Zinema Akademiako Film Laburren Batzordeak hartu du hasierako erabakia, baina datozen asteetan akademiko guztiek bozkatu beharko dituzte martxoaren 6an ospatuko diren Goya sarietarako behin betiko hautagaiak.

Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga (Moriarti) euskal zuzendarien lanean alzheimerra da gai nagusia. Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ondoren, Angel Marik bisitan joatea erabakiko du, baina ez zaio gustatzen ama egoera horretan ikustea; ez baita inor ezagutzeko gai. Bisita horretan beste adineko emakume bat gerturatuko zaio Angel Mariri eta ezagutzen ez duen arren, emakumeak bere bizitzaren inguruko datu asko kontatuko dizkio. Baina antza, zaintzaileen esanetan, horrenbeste dakien emakumeak ere zahartzaroko dementzia du.

Sari ugari dagoeneko

La Trinchera Infinita, Handia eta Loreak lanen zuzendariek hainbat sari jaso dituzte dagoeneko Mateoren Ama filmarekin: ZINEBI- Euskal film labur onenaren Sari Nagusia, Madrilgo Zinemaldiko Alma saria gidoi onenari, Short form Serbian lehen saria eta L 'Alfàs del Pieren Zinemaldiako saria, besteak beste.



 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak