Inazio Arregi jesuita hil da bart Loiolako Santutegian

Miren Arregi Amasorrain 2020ko aza. 17a, 07:55

Loiolako Herri Irratiaren sortzaile eta Vaticano Irratiko informatiboetako zuzendari izana, 89 urterekin hil da bart, Loiolan. Oñatiarra sortzez, Vatikanon eman zituen urte asko eta asko eta behin erretiroa hartuta Bilbon eman ditu azken urteak, Jesuiten Deustuko egoitzan.

Inazio Arregi Oñatin jaio zen 1931n eta umetatik jesuslagunen bidea aukeratu zuen oñatiar beste jesuita baten, aita Gordoaren, predikuak entzunda.
 
Durangoko ikastetxean eta Oñatin ikasi ondoren, Loiolan eman zuen lehen meza. Bergamora joan zen –pandemiak ezagun egin duen Italiako iparraldeko hirira–,   komunikazioa eta irratigintza ikasketak egitera. Itzuleran Loiolako Herri Irratia, euskal irratigintzaren ernamuina izango zena jarri zuen abian santutegiko lokaletan Juan Lekuona tolosarrarekin batera, eta Urola ibarreko bizilagunen bultzada ekonomikoarekin. Denborarekin 5.000 harpide izatera iritsi zen egitasmoa.
 
Eusko Jaurlaritzak deituta irrati eta telebista publikoak abian jartzeko proiektuan murgildu zen buru-belarri eta Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca SA erakunde publikoaren administratzaile eta zuzendari izan zen 1985era arte, Vaticano Irratitik deitu zuten arte, hain zuzen.
 
Vaticano Irratiko informatibotako zuzendari izan zen erretiroa hartu zuen arte eta TVErekin lankidetzan aritu zen urte askoan bereziki Vatikanotik zuzenean ematen zituzten mezei ahotsa jartzen. Ondas saria jaso zuen 1970ean eta 2011n Rikardo Arregi sariko epaimahaiaren ohorezko aipamena Miren Jone Azurtzarekin batera.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak