Herriko ostalariekin bilera egingo du bihar Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko aza. 16a, 09:02

Ostalaritzaren itxierak sortutako egoera aztertu eta sektoreak behar dituen laguntzak aztertzeko bilera egingo du Oñatiko Udalak herriko ostalariekin. Bihar, martitzena, azaroak 17, da bilera, Santa Ana antzokian, 18:00etan.

EH Bildutik adierazi dute herritarrak beraien etxeko lanak "ondo baino hobeto" betetzen ari direla, eta instituzio nagusiak ez dabiltzala pertsonen "ahaleginarekiko proportzionalak" diren babes neurriak hartzen. Diote, gainera, arrazoia ez dela dirurik ez dagoela: "Guztiok gure onena emateko garaia da, eta kezkaz bizi dugu alde batekoak, alegia, Eusko Jaurlaritza eta Diputazioak, bere etxeko lanak egiten ez dabiltzala ikustea".

Pertsona guztiak babesteko konpromisoa

Azaldu dutenez, herritarrek larunbatean emandako mandatuarekin bat egiten dute EH Bildutik, eta udaletxetik pertsona guztiak "babesteko" eta batzuek bizi duten egoera gogorra "ahal beste leuntzeko" konpromisoa hartzen dute. Horretarako, batetik, behar nagusien eta sektore zaurgarrienen identifikazio lanetan dihardutela aitortu dute, "bideratu beharreko laguntzak lehenbailehen martxan jartzeko". Horren harira, bihar bilduko dira herriko ostalariekin, beraien egoera gertutik ezagutzeko.

Bestetik, adierazi dute udalek baino "zeresan handiagoa" eta "baliabide gehiago" duten instituzio nagusiak –batik bat, Jaurlaritza eta Aldundiak– "interpelatzen" jarraituko dutela, "herriarenak diren baliabideak pertsonen zerbitzura jar ditzaten".

Azkenik, nabarmendu gura izan dute "inor alboan utzi gabe" egin behar dela aurrera: "Herritarrei erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen zaien neurri berean, instituzioek ere bere zereginei ezin dietela muzin egin azpimarratu nahi dugu. Gu gure partea betetzen gabiltza, eta beste batzuek ere hala egitea eskatzen dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak