Oñatiko XI. film laburren rallya egin dute asteburuan. Parte-hartzaileak lanean zapatuan aritu badira ere, osasun krisiaren eraginez ezin izan dute gauean galarik egin, eta beraz, emanaldia streaming bidez eskaini dute domeka arratsaldean.
Hogei taldek hartu dute parte guztira rallyan, baina horietako lauk ez dituzte baldintzak bete, eta bik ez dute lanik aurkeztu.
Aurten ere "lan onak"
Epaimahaikideek azaldu dute aurten ere "lan onak" ikusi dituztela, eta irabazleen artean egoteko moduko bospasei labur ikusi dituztela. Hala, antolakuntzaren saria Katxi Porreta taldeak eskuratu du Amalurraren Alabak lanari esker, "objektuaren erabilera onarengatik".
Gero pentsauku produxions taldeak irabazi du laburren rallya, Jentilekin tratuan lanari esker. Bigarren geratu da Kalabaza Productions taldea, eta hirugarren, Piktxurs.
Urtero legez, aktore onenen sariak ere banatu dituzte. Ptxng produkxions taldeko Inma Martinek eraman du emakumezko aktore onenaren saria, eta Kalabaza Productionseko Mikel Biainek, aldiz, gizonezko aktore onenarena.
Azkenik, publikoaren saria bozkatzeko aukera ahalbidetu dute Oñatiko Laburmetrai Rallyko Youtubeko kanalean, eta hain zuzen, Pixarrakada taldearen Aittaitta lanak irabazi du sari hori.
Euskal mitologiaren bueltan
Aurten euskal mitologiaren inguruko lana egin behar izan dute parte-hartzaileek, eta nahitaez agertu beharreko objektua hortzetako eskuila izan da. Horrez gain, antolatzaileek zerrendatutako hamar lekuetatik gutxienez bi ere txertatu behar izan dituzte lanetan.