Ohiko lan jardunaz gain, COVID 19ak sortzen dituenak gehitu zaizkie Oñatiko osasun zentroko langileei eta "lanpetuta" dabiltzala aitortu du zentroko zuzendariak, Txaro Martinezek: "Positibo ematen duten herritarrei jarraipena egiten diegu, euren gertukoekin ere egoten gara aztarnariak dauden arren, informazioa batzen saiatzen gara, altak eta bajak ere ematen ditugu...".
Gaixo dagoen herritarra, baina, kontsultan artatzea dute lehentasun: "Lehen kontaktua telefonoz egiten dugu eurekin eta zer duten azaltzen digute, zein sintoma duten edo mina non duten, adibidez. COVID 19-arekin erlazionatzen diren sintomak izanez gero, toki jakin batera bideratzen ditugu eta bestela, beste batera. Baina aurrez aurreko atentzioa, presentziala, ematen saiatzen gara beti".
Ordu aldaketa
Osasun zentroaren ordutegia aldatu egin dute. Hala, 17:00ak arte dago zabalik orain, 20:00ak arte beharrean. "Atentzio onena eskaintzeko erabaki dugu ordua aldatzea", esan du zuzendariak. Ordutegi berri hau urtarrilaren 8ra arte luzatuko da, oraingoz.