Koronabirusak baldintzatuko du aurtengo edizioa, eta, beraz, gehienez ere sei partaide izan ahalko ditu talde bakoitzak, neurriak aldatzen ez badira. Halere, guztira hogei taldek parte hartu ahal izango dutela azaldu du Andoni Galdos antolatzaileak, "taldeek euren artean kontakturik ez dutelako izango". Eguaztenera arte, hamalau taldek zuten izena emana.
Baldintza ezberdinak
08:00etan elkartu eta parte-hartzaileek elkarrekin gosaltzeko ohitura izan ohi dute; aurten, baina, ezin izango dute horrelakorik egin: "Aurten, talde bakoitzeko bi partaide soilik etorri ahal izango dira Santa Anara, eta bertan emango dizkiegu azalpenak". Hain zuzen, gaia eta film laburrean agertu beharko den objektua zein diren zehaztuko dute. "Oñatiko hamar leku ezberdin ere emango dizkiegu, eta, gutxienez, horietako bitan grabatu beharko dute eszenaren bat", argitu du Galdosek.
Gauean emanaldirik ez
Film laburra entregatzeko moduan ere izango dira aldaketak. Parte hartzaileek 17:00etatik 19:00etara entregatu ahal izango dute lana Santa Anan –gaztelekuan ez aurten– eta Wetransfer plataformaren bitartez egiteko aukera ere izango dute. Gaueko emanaldirik ez dute egingo, jende pilaketak saihestea helburu: "Zapatuan bilduko dira epaimahaikideak erabakiak hartzeko. Baina emanaldia bera domekan ikusi ahal izango da, streaming bidez". Hain zuzen, 17:00etan eskainiko dute, OLRren Youtubeko kanalean. Publikoaren sarian bozka emateko aukera ere ahalbidetuko dute.