Olakuako beste gune bat eraberritzen ari dira orain

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 31a, 11:21

Espaloiak zulatzen hasita daude Olakua auzoko lanetan.

Txiki Txoko haur eskolaren eta auzoko autobus geltokiaren arteko ibilbidea irisgarria izateko ari dira lanak egiten. Espaloiak zabaldu eta bi zebra-bide berri egingo dituzte, eta zintarria jarriko dute berdegunean, ikusmen urria dutenei orientazioa errazteko.

Olakua auzoko irisgarritasun planaren beste fase bat egiten hasita daude dagoeneko. Auzoaren hasierako gunean egingo dituzte oraingoan, eta asmoa da 2021eko urtarrilean amaitzea.

Eraberritzeko proiektua

Olakuako 2 eta 3. zenbakidun etxe-blokeen inguruko urbani-zazioa berritzea da lan horien helburua, A2B Arquitectos en-presak idatzi zuen proiektuaren arabera. Hilaren hasieran ekarri zuten materiala eta langileek erabiltzen dituzten aldagelak dauden kasetak, eta urriaren erdian, 15ean, hasi zituzten lanak.

Eremu horretan dauden atarien ondoko oinezkoen ibilbideak egokituko dituzte, irisgarri bihur-tuko, zebra-bideak egin eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkalekuak berrituko dituzte, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko. Hau da, Txiki Txoko haur-eskolaren eta auzoko autobus geralekuaren artean ibilbide irisgarria egokitzeko, Olakua auzoko 2A-2B eta 3A-3B etxe arteko eremua eraberritzea aurreikusten duen proiektua ari dira orain gauzatzen. Espaloiak zabalduko dira, batez ere, 3-A eta 3-B atarien aldean. Mantendu egingo dituzte han dauden aparkalekuak, berritu egingo dituzte alde bateko zein besteko eserlekuak, eta zintarria ipiniko dute berdegunearen bueltan, ikusmen urria dutenen orientazioa errazteko. Gainera, 2-A eta 2-B etxeen aldameneko ibilbideak ere berrituko dituzte, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak tokiz aldatuz. Altxatutako plataforma erako bi zebra-bide berri egingo dituzte, Txiki Txokora eta autobus geltokira doazen oinezkoen bideekiko lotura modu seguru eta irisgarrian bermatzeko.

Ur saneamendua ere bai

Dagoeneko hasi dira eremu horretako espaloi batzuk zulatzen. Zulo sakonak egin dituzte; izan ere, irisgarritasun lanekin batera ur saneamendua berritzeko ere aprobetxatuko dituzte obrak. Gipuzkoako Urak SA enpresak eskatu du lan horiek egitea, eta lanok euri urak eta ur zikinen saneamendua berritzea aurreikusten dute. Ugarte eraikuntza enpresari esleitu dizkio Udalak, 139.909,92 eurotan –BEZa kanpo–. Orain egiten ari diren obra horiek lehen auzoko janari dendaren inguruan egindakoaren jarraipena dira eta ez dira azkenak izango. Oraindik fase gehiago gelditzen dira egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak