Aitor Etxebarria 'El_Txef_A (Musikaria): "Dokumentala zuzenean musikatuko dugu"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 30a, 16:15

Etxebarria eta taldekideak, Markak dokumentalaren soinu banda grabatzen. Argazkia: Aitor Etxebarria.

Beratu musika jaialdian izango da ibilbide handiko Gernikako musikaria: Markak dokumentala eta Nihilism Part 1 diskoa aurkeztuko du; sarrerak, Oñati.eus atarian.

Oñatiko musika jaialdia estreinatzeko irrikaz dago Aitor Etxebarria Gernikako musikaria.

Beratu jaialdia egingo da, eta zu han izango zara. Pozik?

Oso pozik! Izugarrizko musikariak joaten dira Beratu jaialdira jotzera, eta asko pozten gaitu aurten gutaz pentsatu izanak.

Sortzaile moduan, ze garrantzi ematen diozu halako ekitaldiak antolatzen jarraitzeari?

Beti egon dira gauzak kili-kolo kulturan, eta are gehiago diru-laguntza erraldoiak hartzen dituzten jaialdi handietatik kanpo dauden ekitaldietan. Orain, imajinatu nola gauden denok... Programatzaileak eta musikariak kristoren lana egiten ari gara gelditzen zaizkigun indar gutxiak ateratzen, dena pikutara ez joateko, eta asko eskertzen da Beratuk, Kaiolak, Iparragirrek... egiten duten esfortzua.

Zer esango zenioke ekitaldietara joateko zalantzan dagoenari?

Lasai-lasai etortzeko; lehen pertsonan ikusi dut nolako neurriak hartzen diren kultura ekitaldietan, eta benetan dena mimo handiz zaintzen dela. Ez duena joan nahi, kultura maite ez duelako da. Aurreko baten, Gernikako Lizeo antzokian hunkitu egin nintzen adin nagusiko hiru emakume kontzertu batean ikusi nituenean.

Markak dokumentalak ibilbide bat egin du. Zer kontatzen du?

Hannot Mintegiak Oier Plazaren laguntzarekin zuzendutako dokumentala da. Mina lehen pertsonan pairatu duen gizarte bat azaleratzen zaigu. Orain, bakean eta bizikidetzan bizitzeko egitekoari aurre egin behar dio gizarte horrek. Oso aukera ona da Gernikako bonbardaketa lehen pertsonan bizi izan zutenen testigantzak ikusi eta entzuteko, eta baita Gernikako gaur egungo gazteen energia berria sentitzeko ere.

Zuzeneko musikarekin eskainiko duzue Oñatiko emanaldian ere?

Bai; dokumental osoa musikatuko dugu. Asko gustatzen zaigun formatua da, eta beti alboan ditudan musikariak izango dira taularen gainean: Jatsu Argarate, Eñaut Zubizarreta, Hasier Oleaga, Ibai Etxebarria eta Leire Pikabea.

Bestetik, Nihilism Part 1 lana aurkeztuko duzu Oñatin. Zelakoa da?

Iazko urte bukaeran kaleratu nuen, Primavera Sound eta Londresko Mute-kin batera. Bost urte luzez isilpean konposaturiko abestiak dira. Ez dira denak instrumentalak, baina ez da askorik abesten den disko bat. Gore becerra askoko diskoa da, dinamika askokoa. Zati oso isilak eta zati oso zaratatsuak nahasten ditu. Isiluneak eta entzuten ez denak garrantzia dauka.

Gaizka Insunzarekin izango zara Oñatin. Biok elkarrekin jotzeko?

Bakoitzak bere proiektua aurkezteaz gain, ziur zerbait egingo dugula batera...

Orain ere grabazio estudioan zaude. Zertan?

Koldo Almandozek zuzendutako Hondar ahoak telesailerako soinu bandarekin nabil asteotan.

Gaizka Insunza musikaria ere Beratu jaialdian izango da. Argazkia: Beratu jaialdia.

Beratu musika jaialdiaren egitaraua

  • Azaroak 4, eguaztena
    • Zinema emanaldia Markak dokumentala, Santa Ana antzokian, 19:30ean.
  • Azaroak 6, egubakoitza
    • Los Sara Fontan eta Sua taldeen kontzertuak Santa Ana antzokian, 20:00etan.
  • Azaroak 7, zapatua
    • Aitor Etxebarriaren eta Gaizka Insunzaren kontzertua Santa Ana antzokian, 20:00etan.
  • Azaroak 8, domeka
    • Hakima Flissiren kontzertua Lazarraga lorategian, 13:00etan.
    • Joseba Irazokiren kontzertua Antixena gaztetxean, 18:00etan.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak