Hilerriko bisita ahalik eta laburrena izatea gomendatu du Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko urr. 27a, 13:34
Oñatiko hilerrian etaratako argazkia joan den urteko azaroaren 1ean.

Domekan, Domu Santu egunean, mugatua izango da Oñatiko hilerriaren edukiera; erdiak bakarrik sartuko dira. Udal langile bat arduratuko da edukiera zaintzeaz eta sarrera eta irteera ondo adierazita egongo dira. Gomendioa da, ahal dela, aste barruan egitea hilerriko bisita eta domekan eginez gero ahalik eta denbora txikiena egitea hilerri barruan.

Egungo egoera aintzat hartuta, neurri bereziak egongo dira Oñatiko hilerrian domeka honetan, santu guztien egunean. Edukiera mugatua izango da, arauari kasu eginez, eta sartzen den pertsona kopuruaren erdia baino ez da sartuko: 358 lagun. Hiru gune ditu Oñatiko hilerriak: erdikoa, eskuinetara dagoen lehen handitze fasea eta ezkerretara dagoen bigarren handitzea. Kanposantu guztiko gehiegizko edukiera izango da hori. Udal langile bat egongo da sarreran edukiera zaintzen.

Sarrera-irteerak ondo adierazita egongo dira eta barruan derrigorrezkoa izango da maskara jantzita erabiltzea. Barruan egoteko denbora, baina, ahalik eta laburrena izateko gomendioa egin du Oñatiko Udalak, ordu erdi ingurukoa, gehienez. Gainera, ahal izanez gero, hilerriko bisita aste barruan, domeka aurretik, egitea ere gomendatu du, jende pilaketarik ez sortzeko domekan.

Kontuz lapurrekin

Domu Santu egunean, hilerrira jende asko joaten dela aprobetxatuta, gertatu izan da han aparkatutako ibilgailuetatik poltsak edo bestelako osagarriak lapurtzea. Hori kontutan izanda, udaltzaingoak esan du ohartarazpen mezuak jarriko dituztela hilerriaren inguruan eta ibilgailuetan, agerian, ezer ez uzteko gomendioa egin. Udaltzainak hilerri ondotik behin baino gehiagotan pasako direla ere gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak