Miren Josune Bikuña: "Arraroa izan da lasterketa, baina oso indartsu sentitu naiz"

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko urr. 25a, 10:50
Argazkia: Sestao Triatloi Taldea

Sorian egin den Espainiako Duatloi Txapelketan azkarrena izan da oñatiarra, bere adin-tartekoen artean, eta adin-taldeetan lehiatu diren emakumeen artean bigarren denborarik onena lortu du.

Neurri oso zorrotzak hartuta, COVID-19 dela eta, jokatu zen atzo Sorian Espainiako Duatloi Txapelketa. Bertan, lasterketa bikaina egin zuen Sestao Trialoi Taldeko kide Miren Josune Bikuña oñatiarrak: "Sentsazioak oso oso onak izan dira. Adin-taldeetan lehiatu naiz, eta oso indartsu sentitu naiz. Gainera, lasterketa berezia izan da, erlojupeko bat izango balitz bezalakoa; bakoitzak bere buruaren kontra lehiatu behar izan du, ia denbora erreferentziarik gabe".

Izan ere, Sorian jokatu den txapelketa bereiziak izan dituen "neurri oso zorrotz eta bereziak" azpimarratu ditu Bikuñak: "Ikuslerik gabe egin dugu korrika estadio baten barruan; eta bizikletan, bai, errepidean. Hala ere, beroketa lanak ere bakarka egin behar ditugu. Oso arraroa izan da. Neurriak eta distantziak mantentzeko ere, erlojupeko baten antzera lehiatu gara, beraz, ez zenekien zelan zindoazen lasterketan. Norberak bere buruaren kontra lehiatu du".

45-49 urtekoen emakumezko azkarrena izan da oñatiarra Espainia mailan, eta adin-taldeetan lehiatu direnen artean, bigarren emakumerik onena. "Elite mailan lehiatzen direnak beste maila baten daude, baina adin-taldeetan ni baino 20 urte gutxiago dutenak ere ibiltzen dira! Beraz, 48 urte izateko, oso pozik nago", aipatu du Miren Josune Bikuñak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak