"Nortasun propioa" eskuratu du Beratu jaialdiak 2018. urtean lehen edizioa ospatu zenetik. Honela azaldu dute antolakuntzako kideek: "Irekia dagoen lan talde finko bati esker Euskal Herriko musika jaialdi txikienzirkuituan leku bat egitea lortu du". Azaroaren 4tik 8ra egingo dute, Osasun Sailak eskatutako protokoloak beteta: edukiera mugatuta, eserita eta maskara jantzita. Sarrerak aldez aurretik erosi edo erreserbatu beharko dira. Prezioa 7 eurokoa izango da Santa Ana antzokiko emanaldietan eta doakoa azaroaren 8ko kontzertuetan. Sarrerak oñatiko udalaren webgunean eskuratu daitezke.
Emanaldi anitzak
Azaroaren 4an, 19:30ean, Aitor Etxebarria musikari gernikarrak Markak dokumentalerako konposatutako soinu banda zuzenean aurkeztuko du, Santa Ana antzokian. Leku berean, azaroaren 6an, 20:00etan, Los Sara Fontan eta Sua taldeek eskainiko dute emanaldia. Hurrengo egunean ere Aitor Etxebarria eta Gaizka Insunza egongo dira entzungai, 20:00etan. Lazarragako lorategiak Hakima Flissiren kontzertua hartuko du azaroaren 8an, 12:30ean, eta Joseba Irazoki Antixeneko gaztetxean izango da, 18:00etan.