"Gogoz" ekin diote ikasturteari Jose de Azpiazu musika eskolan

Maialen Santos 2020ko urr. 9a, 11:50

Iazko instrumentu eskaintza bera dute aurten ere: 18. Panderoa probatzeko ate irekiak egingo dituzte gaur.

Joan den ikasturtearen ezohiko amaieraren ostean, ikasturte berriari "gogoz" ekin diote Jose de Azpiazu musika eskolako ikasle zein irakasleek, bertako zuzendari Aitor Madinak azaldu duenez. Irailaren 7an hasi zituzten eskolak, "modu presentzialean". Lengoaia musikala eta instrumentuak ikasteko saioak egiten dihardute, "segurtasun neurri guztiak" hartu badituzte ere. "Taldeka ere ari gara lanean, uste dugulako bakarkako saioetan ikasten dena gero taldean praktikatu daitekeela", aitortu du Madinak. Halere, talde bakoitzeko pertsona kopurua "murriztu" egin dute; esaterako, abesbatzako bi talde zituzten lehen, eta bost dira orain. Era berean, aurten iaz baino ikasle gutxiago arituko dira eskolak jasotzen, 400 ikasle inguru –iaz, 500 pasatxo ziren–. Musika eskolako eskaintza bera da, halere, eta, guztira, hamazortzi instrumentu ezberdin ikasteko aukera dute ikasleek.

Musika eskolak kudeatzen dituen bestelako jarduera batzuk "etenda" daudela adierazi du Madinak: "Esaterako, Pake Lekuko lengoaia musikala eta Aloña abesbatza, euskal dantza saioak eta ikastetxeetan eskaintzen dituzten saioak".

Panderoari "bultzada"

Aurten panderoari bultzada eman gura izan diotela azaldu du Arantzazu Bikuña irakasleak. "Aurten ez dugu izan Herri Egunik, ezta jaialdirik ere. Panderoa beti da poza ematen duten instrumentua", dio. Hori gutxi balitz, "interesa" pizten duen instrumentua da. Hala, panderoa probatzeko ate irekiak egingo dituzte gaur, 17:30-18:00 bitartean. Izena emateko: 943 78 31 74.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak