Entrenatzaileen laguntzaileak behar dituzte futbol sailean

Maialen Santos 2020ko urr. 2a, 11:54

Iazko emakumezkoen gorengo taldea.

Emakumezkoen gorengo taldean eta Erregional Mailako gizonezkoenean behar dute, batez ere, laguntza.

Emakumezkoen gorengo talderako eta Lehenengo Erregional Mailako taldeetarako delegatu edo laguntzaileen beharra dutela azaldu dute Aloña Mendiko futbol sailetik. Nerea Uriarte eta Garikoitz Nuñez dira, hurrenez hurren, talde horien entrenatzaileak. Uriartek azaldu duenez, pertsona bakarrarentzat lan handia da entrenamenduak prestatu eta kudeatzea, eta, hori gutxi balitz, neurketak astebururo jokatzen dituzte: "Entrenatzaileok afizio dugu futbola, eta eskertzekoa litzateke laguntza". Koronabirusaren eraginez hartu beharreko neurriek "are gehiago" zailtzen dituzte entrenamenduak: "Lehen, jokalariek laguntzen zidaten materialarekin, baina orain, nik bakarrik ukitu dezaket hori".

Nuñezek adierazi du futbolzalea den norbait beharko lukeela ondoan, baina ez hori bakarrik: "Konpromisoa hartzeko prest dagoen norbaiten beharra dugu; eta, jakina, futbol arloan ekarpena egin dezakeena". Horren harira, Nerea Uriartek azaldu du laguntzera animatzen denak entrenatzaileen "pareko" lana egingo lukeela: "Ez litzateke entrenatzailearen aginduetara egongo, alegia".

Deialdia bi talde horietarako baino gehiago, "orokorra" dela zehaztu du Uriartek, "jende falta orokorrean Aloña Mendiko sail ezberdinetan dagoen arazo amankomuna delako". Bere ustez, klub batek "biziraun" dezan funtsezkoa da laguntza.

Futbol eskola, geldi

Futbol eskola guztiz geldi dagoela azaldu du, bestalde, Auritz Larrea entrenatzaileak. Halere, "laster" hasi ahal izateko bilerak egiten ari direla argitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak