Merkataraien eta ostalarien inbertsioetarako diru laguntzak emango ditu Oñatiko Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ira. 25a, 10:11

Herriko merkatarien eta ostalarien sektoreari laguntzeko erabakia da

Oñatiko Udalak 36.800 euro pasa bideratuko ditu Covid-19ari aurre egiteko merkataritza eta ostalaritza sektorean egindako inbertsioak diruz laguntzeko. Bestalde, bertako komertzioetako kontsumoa bultzatzeko bonuak ere eskainiko ditu laster herritarrendako.

Oñatiko Udalak 36.864,44 euro bideratuko ditu COVID-19agatik egin behar izan dituzten inbertsioetan laguntzeko. Hamar langile baino gutxiago dituzten herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreko enpresei zuzendutako ez ohiko diru-laguntza bat da. Egoera honi aurre egiteko lokalak eta lan egiteko moduak egokitzeko inbertsioei zuzenduta dago laguntza,  "beti ere segurtasun eta osasun protokoloen irizpideak betetzeko eta bezero eta hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko helburuarekin gauzatzen badira".

Inbertsioak 2020ko martxoaren 14tik 2020ko azaroaren 6ra bitartean egindakoak eta ordaindukoak izan beharko dira eta diru laguntza kostu hautagarrien %60 artekoa izan ahalko da, 3.000 euroko mugarekin. Eskaera asko jasotzen badira, guztien artean banatuko da dagoen diru kopurua. Eskaerak egiteko epea azaroaren 13ra arte egongo da zabalik.

Aldundiak diru poltsa bat izaten du laguntzetara bideratzeko eta Oñatiko Udalak eskaera egin zuen herriko merkatari eta ostalariei laguntzeko.

Bonoak.eus

Bestalde, tokiko jarduerak mantentzeko eta herriko kontsumoa sustatzeko, bonuak aterako ditu laster Udalak. Horretarako, bonoak.eus izeneko plataforma bat prestatu du propio udalarendako eta horren bitartez banatuko dira bonuak. 110.00 euro bideratu ditu horra; bonuen zenbatekoaren %20a diruz lagunduko du Udalak.

Aplikazio hori bukatzear dute eta laster egongo da erabilgarri. Internet bidez eskuratu ahal izango dira bonuak eta baita herriko komertzioetan ere. Oñatin erroldatuta daudenek erabili ahal izango dituzte bonu hauek eta abenduaren 31ra arte luzatuko da kanpaina.

Adostasuna

Atzo egindako iraileko osoko bilkuran onartu zituzten bi erabaki hauek; aho batez. Alderdi bietako ordezkariek adostasuna erakutsi zuten herriko merkatari eta ostalariei laguntzeko. Lehen Kuttuna-rekin ondo erantzun zuten herritarrek eta orain ere horrela izatea da alderdi bien nahia.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak