Eskola kirola eta kirol eskola, geldi Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ira. 21a, 09:02

Eskola kiroleko joan den denboraldi amaieran kantxa urdinean egindako opari banaketa.

Talde egonkorrak ezin dituzte bermatu Oñatiko eskola kirolean, eta urrian ez hastea erabaki dute. Aloña Mendi kirol Elkarteak ere geldi ditu sailetako kirol eskolak. Urriaren hasieran egingo dute hurrengo bilera, egoera aztertzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskola kirola egiteko baimena eta baldintzak eman ditu. Urriaren 1ean hasi ahal dira gaztetxoak kontaktu fisiko bako eskola kirola egiten. Lehiaketak urtarriletik aurrera izango dira. Oñatin, baina, ez da urrian hasiko. Ikasturte honetako hasiera atzeratzea erabaki du Oñatiko eskola kirolak.

Egutegiak prest daude

Atzeratzearen arrazoietako bat talde egonkorrena da. Hezkuntzaren protokoloak jarraitzen dituzte ikastetxeetan, talde egonkorrak mantentzeko ahalegina eta egokitzapena egin dute ikas zentro guztietan, eta eskola kirolean hori ez da betetzen. Eskola kiroleko saioetan gela eta, zenbaitetan, ikastetxe ezberdinetako umeak egoten dira maiz talde berean. "Ezin dugu bermatu talde egonkorrak egongo direnik. Ikusiko dugu egoerak nola egiten duen aurrera eta ikastetxeetan zein eboluzio duen eta horri begira egongo gara erabakiak hartzeko", dio Oñatiko eskola kiroleko udal teknikariak, Rosa Lasagabasterrek.

Urriaren hasieran beste bilera bat egingo dute eskola kiroleko teknikariek, koordinatzaileek eta ikastetxeetako ordezkariek. Sarri egingo dituzte bilera horiek, egoera aldatzen dela ikusten badute aurtengo kurtsoa ere martxan jartzeko.

Izan ere, nahiz eta hasiera atzeratu, prest dute aurtengo ikasturteko egutegia. Haur Hezkuntzako azken mailatik Lehen Hezkuntzako azkenerainoko ume eta gaztetxoek parte hartuko dute eta sei gune ezberdinetan egingo dute eskola kirola: Zubikoa kiroldegiko kantxa berdean eta urdinean, Zuazola institutuan, Urgainen, Elkar Hezin eta Txantxiku Ikastolan. Kirol egokitua egiteko tartea ere badago egutegian.

Azken ikasturtean 532 ume aritu ziren eskola kirolean. Martxotik ekainera etxean jarraitu zuten egiten, eurendako propio prestatutako kirol proposamenei eta erronkei erantzunez.

Aloña Mendi ere ez

Eta egoera berean dago herriko kirol eskola ere. Aloña Mendiko sailetako kirol eskolak geldi daude; horiek ere ez dira urriaren hasieran hasiko. Izen-emateak bertan behera utzita daude, momentuz. Datozen asteetan ikastetxeen eta eskola kirolaren garapenaren arabera hartuko ditu erabakiak Aloña Mendik. Egutegia, baina, prest du: kirol elkarteko bederatzi sailek (saskibaloira, karate, atletismoa, gimnasia erritmikoa, pilota, eskubaloia, tenisa, futbola eta txirrindularitza) jarriko dute martxan hasi berri den ikasturte honetako kirol eskola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak