Mugikortasun iraunkorra lantzeko ekintzak egingo dituzte zapatuan Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko ira. 18a, 07:21

Patinetea erabiltzen

Oñatin mugikortasun iraunkorraren alde zer egin jasotzeko ideia lehiaketa martxan jarri dute aste honetan, eta biharko, bizikleta martxa eta mural bat egiteko ekintzak antolatu dituzte. Tokiko agenda 2030 egitasmoarekin bat egiten du egitasmoak.

Mugikortasun iraunkorrean herritarrak sentsibilizatzeko eta gai horretan pauso berriak emateko helburuarekin antolatu dituzte biharko ekintzak eta martxan dagoen ideia lehiaketa.

Izena eman behar da aurrez

Europako mugikortasun astearekin bat eginez urtero antolatu izan ohi dituzte ekintzak Oñatin, izan eskolara oinez zein patinetean joateko egitasmoak bultzatzea edo erdiguneko kaleak ibilgailuendako ixtea, adibidez. Aurten ere egingo dituzte ekintzak aste hori aitzakia hartuta, eta mugikortasun iraunkorra azaltzeko eta umeekin zein helduekin lantzeko izango dira.

Horietako bat da aste honetan martxan jarri den ideia lehiaketa: Oñatin mugikortasun iraunkorraren bueltan zer egin daitekeen jaso gura dute lehiaketa horren bidez. Proposamenak irailaren 22ra arte egin daitezke Udalaren webgunearen bitartez. Ekarpenak egiten dituzten guztien artean bizikleta tolesgarri bat zozkatuko dute irailaren 23an. "Mugikortasun iraunkorrean oinezkoak eta bizikletak modu seguruan ibiltzeko aukerak lehenesten dira, adibidez. Baita garraio publikoa erabiltzea edo autoa behar denean partekatzea, ahal den guztietan", azaldu du ekintzak antolatu dituen Arazi enpresako Nerea Ibañezek.

Bihar, zapatua, beste bi ekintza egingo dituzte. 11:00etan Usakora egingo dute irteera bizikletan, familiekin, eta arratsaldean, 15:30etik aurrera, mural bat egingo dute 6 ea 10 urte arteko gaztetxoekin. "Herriko plazan bost metro zabal izango dituen euskarri bat jarriko dugu. Herriko kaleen planoa egongo da bertan marraztuta. Herritar batzuk bizikletan, beste batzuk oinez, ibilgailuak... eta antzerako elementuak egongo dira eta umeei proposatuko diegu elementu horiek moztu, margotu eta itsastea mural horretan. Begirale batzuen laguntza izango dute eta jolas hori egin bitartean solasaldiak izango dituzte eurekin", dio Ibañezek. Informazio mahaia ere jarriko dute plazan.

Tokiko Agenda 2030ean

Ekintzetan talde mugatuak egongo dira, eta, horregatik, aurrez izena ematea eskatzen dute. Udal webgunean sartuta eman behar da izena baterako zein besterako. Oñatiko Tokiko Agenda 2030 egitasmoarekin batera datoz ekintza horiek. Izan ere, mugikortasuna eta jasangarritasuna lehentasuna duten gaien artean ditu Udalak eta bere lan-ildoetako bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak