San Migel eta Errosarixo jaiak ospatzeko pilatzen diren ekitaldiak aurreko eta ondorengo asteburuetan egitea izan da Udalaren proposamena. Herri eragileekin egindako martitzeneko bilera irekian ondo ikusi zuten ideia hori, eta horrela egingo dute.
Txosna batzordeak, berea
Udalaren asmoa da irailaren 19tik urriaren erdi ingurura bitarteko kultura eskaintza osatzea, herritar guztiendako moduko ekitaldiak antolatuz, aniztasuna, hizkuntza, bideragarritasuna eta beste puntu batzuk kontuan hartuta. "Uste dut ez dugula arazo larririk izango taldeak ekartzeko, nahiko geldi dago-eta kultura agenda, orokorrean. Atzo, eguena, hasi ginen kontratazioak lotzen", dio Kultura zinegotziak. Txosna batzordeak badu bere egitaraua osatzeko asmoa, eta Udalarekin batera adostuko ditu ekintza horiek. Aste honetakoa izan da jaien inguruan egindako azken bilera, eta Udalaren esku gelditu da agenda osatzea.