Aurreko ikasturtean hasi ziren datorrena lantzen udaleko eta herriko hiru ikastetxeetako ordezkariak. Ikastetxe bakoitzak badu egina bere kontingentzia plana ikasturte berria hasteko, baina egoerak eskatzen dituen beste behar batzuei ere erantzuteko neurri batzuk hartu dituzte elkarlanean. Horietako bat da ikastetxe inguruko espazioak oinezkoendako bihurtzea.
Eskolako sartu-irtenetan jendea pilatzen da ikastetxe aurrean eta hori saihesteko erabiliko dute inguruko espazioa ere. Kasu batzuetan egun ibilgailuak aparkatzen diren gunean izango dira eta beste batzuetan errepideko errail bat bihurtuko da oinezkoendako gune. Aldaketa hauek zirkulazioari eragingo dio, baina egoerak eskatzen duen beharrari erantzuteko hartu dituztela esan dute: "Guztion osasunaren mesedetan izango direlakoan gaude ikastetxeak eta Udala. Guztion inplikazioa, elkarlana eta ardura ezinbestekoak izango dira.
Esan dute irailaren 7tik 25era egingo dela espazio horien erabilera hori. Epea amaitutakoan baloratu egingo dute hartutako erabaki hori jakiteko horrela jarraitu beharra dagoen edo ez.
Aldaketak ikastetxe ondoko espazioetan
Aldaketa hauek, batez ere, oinezkoak ibiltzeko eta egoteko espaloiak handitzea eta eremu berriak sortzea suposatuko dute. Eskolara joateko sarrera eta irteera "erosoagoak izateko, guztiontzat seguruagoak, jendetzak edo pilaketak saihestuz, urruntze fisikoa bermatuz". Hauek dira egongo diren aldaketak:
- Urgain-Errekalde eskolan, sarrera nagusian dagoen parkina oinezkoentzako espazio bilakatuko da.
- Txantxiku ikastolan, oinezkoentzako gunea handituko da Bidebarrieta kalean, autoak aparkatzeko plazak oinezkoen erabilerarako egokituz.
- Elkar Hezi ikastetxean, LHko eraikinaren ingurua egokituko da. Arantzazuko Ama kalean, ikastetxeko fatxadari dagokion tartean, zirkulazio errai bat moztuko da, ikasleen sarrera eta irteera eta helduen egonaldiak errazteko.
Bizikletendako aparkaleku estaliak
Bestalde, mugikortasun aktiboa bultzatuko dute aipatutako eragileek ikasturte honetarako. Oinez, patinetez zein bizikletaz mugitzea sustatuko da. Horri lotuta, bizikletendako aparkaleku estaliak egingo dituzte ikastetxeetan. Martxan dagoen proiektua da.