Bertako bisitariak ere espero dituzte aurten

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko abu. 4a, 09:00
Turista taldetxo bat unibertsitateari buruzko azalpenak entzuten uztailaren 21ean

Uztailean turisten mugimendua egon den arren, azken egunetan moteldu egin da. Aurreikuspenak "justukoak" dira aurten, baina Oñatik duen turismo eskaintza guztia zabalik dago kanpoko zein bertako bisitariak hartzeko. Aurrez deitu behar da.

Ziurgabetasun handiarekin ari dira Turismo Bulegoan ere lanean datozen asteei begira. Bisitari asko etortzen ohi den hilabetea izaten da abuztua Oñatin, baina, egoera zein den ikusita, aurtengo aurreikuspenak "justukoak" dira. Horixe esan du Garapen eta Turismo Agentziako udal teknikariak, Ikerne Altubek.

Bertako bisitariak ere bai

"Uztailean mugimendua egon da, baina azken egunetako datuekin moteldu egin da berriz bisitarien jarioa, hoztu egin da kanpora joateko gogoa. Asko nabaritu da", dio Altubek. "Uste dut aurtengo uda horrelakoa izango dela, eguneroko egoerak, datuek eta hartuko dituzten neurriak baldintzatuko dutela, eta erreserba eta plan asko egun batetik bestera egingo dituela jendeak", gaineratu du.

Kanpoko bisitariek ez ezik, bertako herritarrek inguruko ondarea, naturala zein monumentala ezagutzeko aukera "ona" izan daitezke, Altuberen ustez, aurtengo udako oporrak. "Arrikrutzen egon ez direnak egongo dira Oñatin eta herriko eraikin historikoen gainean gehiago jakiteko aprobetxatu dezakete aurtengo uda".

Betiko eskaintza

Egoera den bezalakoa izanda ere, eskaintza zabala du prest Oñatiko Turismo Sailak, kanpotik zein gertuagotik etorriko diren bisitariendako. Oñati erdigunea eta Arrikrutz kobak ez ezik, Arantzazuren eta Aizkorriko parke naturalaren eskaintzak ere badaude. Txokolateixia ere zabalik egongo da abuztuan.Aurten, baina, bisitak aurrez erreserbatzeko gomendioa egin dute, talde kopuruak txikiagoak izango dira eta. Arrikrutzen, esaterako, behar-beharrezkoa da eguna eta ordua aurrez zehaztea, telefono bidez. Parketxean, berriz, egubakoitzetik domekara egongo da zabalik.

  • Oñatiko Turismo Bulegoa: 943 78 34 53
  • Arrikrutz Kobak: 943 08 20 00
  • Txokolateixia: 605 76 35 95
  • Arantzazuko Parketxea: 943 78 28 94

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak