Urrexola auzotik irtenda, Oñatiko Torreauzoko bidegurutzean, Olaterako bidea hartuko dugu eta zentralera heldu baino lehen, bidegurutzean eskuinera hartuko dugu. Bi kilometro inguruko aldapa igo ostean, bidegurutzean ezkerrera hartu eta Urrexolako elizarekin egingo dugu topo. Han aparkatuko dugu autoa, eta ibilbideari ekingo diogu, bolalekutik aurrera doan bidea jarraituz. Antxitene baserri ondotik pasatuko gara, errepidea zeharkatu eta Garaikua –Bañu-etxe– baserri aurretik igaro ostean, gorantz jarraituko dugu. Pista handi batekin topo egiten dugunean, ezkerretara hartuko dugu, Urrexola Garai baserrira iritsi arte. Bidegurutzean, berriro ezkerrera egingo dugu, gorantz, eta bide honen bukaeraraino joango gara, Urtapotoluetako leporaino –tumulu bat dago gertu–. Ezkerretara agertuko zaigun bidexka hartuko dugu, goian Orkatzategi ikusten dugularik. Tontorrera joateko, zelai batetik barrena, aurrerantz jarraituko dugu, aldapa bukatu arte, eta goian aizkora forma daukan buzoia ikusiko dugu. Tontor honetatik paisaia politak ikusten dira, beraz, tarte bat hartuko dugu hauetaz disfrutatzeko.
Behin hamarretakoa egin eta paisaiaz gozatuta, jaisten hasiko gara, eskuma aldean Aloña mendia parean dugula. Jaitsiera markatua dago baina ez dira samur topatzen arrastoak. Jaitsiera zuzena da, beraz, zuzen egingo dugu aurrera, beti zelaitik behera, gure helburua beherago dagoen Aitzgaineko putzua delako. Hara heldutakoan, gainetik pasatuko dugu ezkerraldera tiratuz, eta laster horiz eta zuriz markatutako bide batekin topo egingo dugu. Bertatik joango gara beherantz. Momentu batean bideak beherantz jarraitzen du baina guk ezkerretara markatuta dagoen bidetik jarraituko dugu. Bide honek Aitzulo kobaren atzeko aldera eramango gaitu.
Aitzulo paraje ederra da, bisitatzea merezi duen horietakoa.
Aitzulo paraje ederra da, bisitatzea merezi duen horietakoa. Guztiz irekia da eta kontu apur batekin ibiliz gero, ez dago inolako arriskurik. Beraz, kobazuloan gora eta behera ibiliko gara, bertatik dauden ikuspegiez gozatuz eta ondoren, berriz sartutako zulotik irtengo gara gorantz. Lehengo bidea hartuko dugu berriro. Horretarako, zulotik irten eta 20 metrotara eskumatik irteten den bidexka batetik gorantz egingo dugu –markatu gabe dago bidexka hau–. Gure helburua Andetako gaina harrapatzea da, eta horretarako bidexka hau gorantz jarraitu behar dugu, 10 minutu inguru, ondo ikusten den beste bidexka batekin topo egin arte.
Bide berri honetan, eskumara beherantz jarraituko dugu, basoan sartuaz. Bide polit honek harkaitz hauen iparraldera eramango gaitu. Laster, alde honetako goiko kanalaren hasierara helduko gara eta kanalaren gainetik jarraituko dugu Urrexola aldera. Orain bidea laua da eta bertatik jarraituko dugu egurrezko eskailera bat ikusi arte. Momentu honetan kanala utziko dugu eta eskaileratatik jaitsiko gara. Ondoren beherantz doan pistatik jarraituko dugu –dagoeneko Urrexola ikusten hasita gaude–. Pista hau jarraituko dugu beste pista batekin topo egin arte. Eskumara 15 metro inguru egin eta berehala beste pista batekin egingo dugu topo. Oraingoan ezkerretara hartuko dugu, eta bide hau jarraituz, laster Urrexolako Eliza eta Elkarte aurrean egongo gara. Txoko hau jendearendako zabalik egoten da domeketan 11:00etatik 14:00etara –jatekoa eta edatekoa zerbitzatzen dute–.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 7,02 km.
• Iraupena: 2-3 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zirkularra.
• Seinaleztatuta: Ez.
• Bide mota: Mendi pistak eta bidexkak.