Familian egiteko modukoa: Oñatitik irten, eta Urtiagain inguruak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 24a, 10:01

Oñati.

Oñati inguruetako paisaietan ibiltzea beti da atsegina. Kasu honetan, negu aldera egindako ibilbide proposamena egingo dugu. Oñatiko plazatik irten eta era zirkularrean bertako zenbait auzune eta txoko ezagutzeko.

Oñatiko plazan hasiko gara, eta hilerri aldera egingo dugu; heldu aurretik, ezkerretara hartu eta San Juan auzorantz joango gara. Kurpide baserrira iristean, errepidetik jarraituko dugu, Lamiategiko errotara heldu arte, –aurrez Garagaltzatxiki eta Garagaltzaundi baserrien ondotik pasatuko gara–. Arregi landetxea ere ezkerretara utziko dugu.

Zementuzko pista jarraituko dugu, Lamiategi baserri ondora heldu arte eta behin han gaudela, baserri gainetik irteten den bidea jarraituko dugu –horretarako langa bat pasatu behar da–. Bide honek Olateranzko norabidea du, erreka beti gure eskuman gelditzen delarik. Bide hau jarraituko dugu, eta aurrera egingo dugu, sortzen diren adarrei kasu egin gabe, beti printzipaletik aurrera.

Ia Olate parera heltzerakoan, bidegurutze bat agertuko da; ezkerretik joan behar da han.

Ia Olate parera heltzen garenean, bidegurutze bat agertuko zaigu. Ezkerretik joango gara, behera doana utziz, eta laster, errebuelta handi batean, Olateko indarretxea gure azpian ikusiko dugu. Bidean aurrera egin eta hurrengo bidegurutzean zuzen jarraituko dugu, eskumako adarra utziz. Bigarren bidegurutzean eskuinera hartuko dugu, eta berehala, txabola batera helduko gara. Bidea jarraituz, beste bidegurutze bat agertuko zaigu eta guk ezkerretik hartuko dugu, eta hurrengoan eskumatik, beti gorantz, Urtiagain alderantz. Laster beste bide bat ezkerretik etorriko zaigu, baina guk aurrera egingo dugu bidegurutze berri batera heldu arte. Hemen ere ezkerrekotik egingo dugu aurrera eta, Urtiagain aurreko azken bidegurutzean, eskuma aldetik langa bat pasatu eta bueltatxo bat emanda Urtiagain bertaraino helduko gara.

Bidea gurutzatu eta Troska iturri aldera doan zementuzko pista jarraituko dugu. Troska utzi eta Otaduiaundi, Otauitxiki Urzelai eta Gorordo baserriak ikusiko ditugu. Pista bukatzean, eskumara joango gara bidean dagoen txabola inguraturik, eta Zalditegi aldera joango gara, Aloñako tontorra ikusiko dugularik. Pinudi batetik aurrera egin eta Arrizubiaga baserrira helduko gara. Pista jarraituta, Berezao auzora iritsiko gara eta beherantz eginda, Oñatiko plazara.

Fitxa teknikoa:

• Distantzia: 11,32 km.

• Iraupena: 4 ordu inguru.

• Zailtasuna: Erraza.

• Ibilbidea: Zirkularra.

• Seinaleztatuta: Ez.

• Bide mota: Basoko pistak eta bidexkak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak