Hiru herritan barrena: Zubillaga eta Kurtzetxiki arteko ibilaldia

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 23a, 16:41

Bedoña auzoa, atzean Anboto eta Udalaitz ikusten direlarik

Gaur Oñatiko Zubillaga auzoan hasi eta bukatuko dugu ibilaldia. Bedoña –Arrasate– eta Larrino –Aretxabaleta– auzoetatik pasatuko gara, eta Andramari zuriko ermita ikusteko aukera ere izango dugu.

Ibilaldiari Osinurdineko poligonoko hormigoi lantegi ondoan hasiko dugu. Hasiera maldatsua edukiko dugu, Kortaburuko tontorrera heldu arte. –antena baten ondotik pasako gara–. Kortaburutik jaitsi eta berehala gailurreriako bidea utziko dugu, ezkerraldetik irteten den bide bat hartzeko. Altuera galdu gabe, bidea jarraituko dugu Bakueko txaboletara heldu arte, eta handik pittin bat jaitsiko gara, Azuetako bidegurutzera heldu arte –Cuatro Caminos–. Hemen zuzen egingo dugu aurrera, Haritza baserrira doan bidea jarraituz. Baserria eskuma aldean geratuko zaigu. Zementuzko bidea utziko dugu, zuzen jarraituz.

Kurtzetxikira iritsi, eta Bedoñara jaitsiera

Aurrerago, eskumara irteten den bide bat hartuko dugu. Hemendik hasi eta Kurtzetxiki tontorreraino, kontuz joango gara, GPSari kasu eginez, bi edo hiru bidegurutze gehiago daudelako. Laster Kurtzetxikin egongo gara. 531 metroko altuera du eta ikuspegi zoragarriak daude handik. Hemendik Bedoña auzora jarraituko dugu. Auzoa –Iturria eta atseden lekua– zeharkatuko dugu eta ur depositua dagoen bidetik Mukietara –498 metro– igoko gara.

Mukietatik Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikuspegi politak daude. Baita Urkulu urtegiarena ere, aurrerago.

Mukietatik Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikuspegi politak daude. Tontorretik bertatik irteten den bidexka jarraituko dugu beherantz, ehiza dorretxoak dauden lekuraino, eta handik berriz pittin bat igota Larrinoko Telleria baserri ondoraino joango gara. Hemendik, errepidea jarraituz, Larrinoko elizatera helduko gara –Iturria eta atseden lekua–; eta aurrera jarraituko dugu errepidetik –Urkuluko urtegia oso polita ikusten da hemendik–, eta lehenengo agertuko zaigun bidegurutzean zuzen jarraituko dugu, Larrinoberri baserrira heldu arte. Behin hemen, pista batetik jarraituko dugu –hemen ere GPSari kasu eginaz–, Urzabal baserri gainera heldu arte. Bidea hasieran pittin bat igotzen da –1.3 kilometro– baina ondoren nabarmen egiten du beherantz.

Behin Urzabal gainean gaudenean –baserria ez da ondo ikusten–, Urkulutik datorren zabalera handiko pistatik jarraituko dugu beherantz –laster hormigoizko bidea hasiko da–. Pistatik jarraituko dugu, Urzabal atzean utzita, Andramari Zuri Eliz-Baserriraino –eskualdeko eliza zaharrenetarikoa esaten dute batzuek–.

Handik gutxira asfaltozko bidea hasiko da. Guk bide hori hartuko dugu eta behera jarraituz, berriro ere Zubillaga auzora helduko gara, ibilaldiari amaiera emanez.

Saihesbidea

Errepidea jarraitu beharrean, errekaren ezkerretik doan bidetik joan gaitezke –erreka ondotik–, Matromari baserriraino. Azken bide hau antzinako Errege Bidea da –Gasteizerano zihoana–. Aukera honen alde egin ezkero, Matromaritik errepidea hartuko genuke, Zubillagara heltzeko.

Fitxa teknikoa:

• Distantzia: 16,34 km.

• Iraupena: 4-5 ordu inguru.

• Zailtasuna: Erraza.

• Ibilbidea: Zirkularra.

• Seinaleztatuta: Ez.

• Bide mota: Basoko pistak eta bidexkak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak