Egubakoitzean bukatuko da uztaileko zaintza hezitzailea

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko uzt. 22a, 17:29

Zaintza hezitzailean ari diren ume batzuk astelehen goizeko jolas batean.

Eudelek udalekuak bertan behera uzteko gomendioa egin du osasun sailarekin batera, baina Oñatiko Udalak zaintza hezitzailea mantentzea erabaki du, herriko egoera ikusita eta gurasoen kontziliazioa zein haurren aisialdi beharra kontutan hartuta. Egubakoitzean bukatuko da uztaileko zerbitzu hau eta Udalak oso balorazio positiboa egin du.

Egubakoitzean, uztailak 24, bukatuko da uztaileko zaintza hezitzailea. Osasun sailak eskatuta, Eudelek udalekuak bertan behera uzteko gomendioa egin du baina Udalean ez dute horren dekreturik jaso. "Gomendio bat da eta guk kontziliazioa eta haurren aisialdi beharra uztartzen jarraitzea erabaki dugu; gure hasierako helburua horixe zen", dio haur eta gazteria zinegotziak, Iker Oñatek. Erabaki hori hartzeko herriko egungo egoera ere hartu dute kontutan, baita zerbitzuan hartzen diren prebentzio neurriak eta gurasoen eta haurren beharrak, besteak beste.

Balorazio positiboa

Zaintza hezitzailea zerbitzua bukatzeko bi egunen faltan, balorazio oso positiboa egin du Udalak. "Zerbitzu berria zen, ez genuen eredurik eta lan handia egin dugu dena prestatzen. Ondo joan da zerbitzua, protokoloa zehaztu genuen, prebentzio neurriak hartu dira eta genituen helburuak betetzen ahalegindu gara: kontziliazioa erraztea gurasoei, arnasgunea ematea umeei eta euskaraz harremantzeko aukera eskaintzea", dio Iker Oñatek. Landa auzoetara joatea, Herribusa erabiltzea eta ordubete lehenago hastea ere ondo baloratu dute. "Zerbitzu hau emateko erabakia hartu genuen horrek ekar zezakeenarekin, baina helburu horietan jardutea zegokigun", gaineratu du.

Oñatek eskerrak eman gura izan dizkie zaintza hezitzailean parte hartu duten koordinatzaileei, hezitzaileei, umeei zein gurasoei, "arduraz eta prebentzioz" ibili direlako guztiak. "Horri esker lortu dugu zerbitzu hau lau astez eskaintzea", esan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak