Urmuga mendi zeharkaldia gaur iritsiko da Aizkorrira

Maialen Santos 2020ko uzt. 20a, 07:12

Tologorri mendian egin zuten lehen geldialdia uztailaren 14an.

Uztailaren 14an hasi zuten mendi zeharkaldia, eta Aizkorrin egingo dute hirugarren geldialdia, gaur. Musikariak Urbian arituko dira, 18:00etan hasita. Bailaran egingo duten geldialdi bakarra izango da.

Mendia eta kultura uztartu gura dituen Urmuga ekimena ari dira aurrera eramaten egunotan, eta euskal naziotasuna oinez eta kantuz aldarrikatzea da helburua. Mendi ibilaldien bitartez Euskal Herria osoa zeharkatu gura dute. Hain zuzen, uztailaren 14an abiatu zuten zeharkaldia, Angulo Bortun (Salvada mendilerroa, Araba) eta, dena ondo bidean, abuztuaren 1ean borobilduko dute, Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean. Felipe Uriarte mendi-gidariak eta lantaldeak gidatuta, hemeretzi mendi ibilaldi egingo dituzte, guztira, eta Aizkorrin egingo dute geldialdia gaur.

Kontzertua, Urbian

07:00etan abiatuko da mendizale taldea Urbiatik; izan ere, bertako fondan pasako dute gaua. Migel Zeberio proiektuaren sustatzaileak azaldu duenez, Aizkorrira iristea izango da helburua; eta San Adriandik jaitsiko dira gero mendizaleak, Urbiara itzultzeko. "Hori da asmoa, baina eguraldiak ere eragingo du ordutegian", gaineratu du. Horren ostean, 18:00etan izango da musika emanaldia, Maddi Oihenart, Juantxo Zeberio eta Gorka Benitezen eskutik.

Sustatzaileak aitortu du orain artean "zoragarri" eta "jendarte politean" aritu direla mendiz mendi, eta oraingoan ere hala aritzea espero dutela: "Lehen mendian, Tologorrin, 100 bat pertsona izan ginen emanaldia ikusten". 

Erlazionatuak

Urmuga ekimena Debagoienean dabil

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020 uzt 20 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak