Kontzertu lasaia eskaini du Ainhoa Larrañagak Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko uzt. 18a, 10:50

'Eskuminak' izeneko bakarkako diskoarekin etorri da Ainhoa Larrañaga abeslaria Oñatira eta sorpresa atsegina hartu du Lazarraga lorategian horrenbeste entzule ikusita. 

Martxoaren 16an egin zuen azken emanaldia Ainhoa Larrañagak eta Oñatira etorteko deseatzen zegoen, "berriz jotzen hasteko". Ez da bakarrik etorri gainera, ondoan izan ditu: Iker Lauroba (baxua eta kontrabaxua), Garazi Esnaola (pianoa), Haritz Lauroba (bateria) eta Amaia Miranda (gitarra).

Jazz ukituko abesti asko jo ditu taldeak. Boskote formatuan asko eta formato intimoagoan beste batzuk. Kanta bana abestu du Larrañagak, adibidez, taldeko beste bi neskekin.

Kanta propioak eta bertsioak 

Abeslariak berak esana da bere musika inspirazioak jazz, soul eta swing estiloetatik datorrela bereziki baina ez dakiela ziur disko hau non kokatu: "Intimoa eta nahiko independentea iruditzen zait, oso pertsonala ere bai; abestiak erraietatik atera dira; malkotan idatzitakoak dira asko. Egunerokotasuneko gaiei eta harremanei buruzkoak".

Oñatin abestu duen kantuetako bat da, adibidez, Pairamenak izenekoa, “injustiziei buruzkoa”, Larrañagak esan duen moduan. Bere kantuez gain Chris Isaaken eta Mikel Urdangarinen bertsio bana ere jo ditu boskoteak.

Publiko gaztea

Ordubete eskas iraun du emanaldiak eta segidan jo dituzte kantuak, batetik bestera azalpen luzeak eman barik. Bertaratu den jendeari eskerrak emateko, baina, hartu du hitza hernaniarrak.

ETBko Goazen! saioan aktore ibilitakoa ere bada Larrañaga eta han ezagututa, gaztetxo asko egon dira kontzertuan. Emanaldiaren amaieran denak batera altxatu dira, Goazen!-eko emanaldietan gertatu izan den moduan, baina ez dira garai berak, ezin jende pillaketarik egon orain. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak